Koronabirusa
Ez da denbora mugarik egongo paseatzeko eta kirola egiteko dagozkien ordu tarteetan
agentziak |erredakzioa
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte 14 urtetik gorako pertsonek paseatzeko eta kirola egiteko bete beharko dituzten baldintzak.
Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu ditu jada 14 urtetik gorako pertsonek paseatzeko eta kirola bakarka egiteko bete beharko dituzten baldintzak larunbatetik aurrera. Egunean behin eta denbora mugarik gabe izango dira, baina ordutegiak eta segurtasun distantzia errespetatuz.
Espainiako Osasun Ministerioak emandako aginduaren arabera, jende pilaketak galarazteko, udalek eremu publikoa banatuko dute oinez eta bizikletan doazenen alde, eta lehenengoei emanez lehentasuna.
- Irteteko aukerarik ez dute izango sintomak dituztenek, isolatuta daudenek edo etxean berrogeialdia egiten ari direnek. Adinekoentzako erresidentzietan daudenek ere ezingo dute atera.
- Paseatzera etxeko beste norbaitekin joan daiteke, baina pertsona bakar batekin.
- Mendekotasunen bat dutenek etxeko langilearekin edo ohiko zaintzailearekin ere ateratzeko eskubidea izango dute.
- 14 urtetik gorako herritarrak soilik 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera ahal izango dira kirola egitera edo paseatzera.
- Arrazoiren batengatik beste norbaitekin atera behar direnak eta 70 urtetik gorakoek 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara ere atera ahal izango dute.
- Haurrak, pertsona heldu batekin, egunero atera ahal dira paseatzera, baina gehienez ordubete eta etxetik kilometro batera, 12:00etatik 19:00etara (lehen 9:00etatik 21:00etara egin zezaketen).
- 5.000 biztanle edo gutxiago dituzten herrietan irteerak 06:00etatik 23:00etara egin ahal izango dira.
- Paseoetan gehienez etxetik kilometro batera urrundu daiteke.
- Bakarkako edozein kirol ez profesional herriko mugen barruan egin beharko da.
- Edozein eremu edo bide publikotatik pasatu ahal izango da, natur eremuak eta eremu berdeak barne, baina ezingo da kirol instalazio itxietan sartu.
- Ezingo da motordun ibilgailurik edo garraio publikorik erabili paseatzera edo kirola egitera joateko.
- Bi metroko distantzia zaindu beharko da hirugarren pertsonekin eta jende asko pilatzen den lekuak saihestu beharko dira.
- Ahal den heinean, paseoak eta kirola bide edo eremu publikoetan gelditu gabe egin beharko dira.
- COVID-19ari aurre egiteko prebentzio eta higiene neurriak zorrotz bete behar dira.