Itxi

KORONABIRUSA

Fernando Simon: "Ezin da geldirik egon, ezta taldeetan bildu ere"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren zuzendariak adierazi du haur parke eta horrelako guneak itxita jarraitu beharra daukatela "une egokia iritsi arte".

Fernando Simon larunbat honetako agerraldian. Argazkia: EFE

Konfinamenduaren 49. eguna iritsi den honetan, adin guztietako pertsonak irten dira kalera paseatu edo kirola egitera, Espainiako Gobernuak horretarako baimena eman ostean. Adin bakoitzarentzat dagokion orduan, hori bai.

Hondartzak, mendi inguruak eta kale nagusiak hutsik egotetik jendez gainezka egotera igaro dira hainbat tokitan (Murga sailburuak kezka agertu du hainbat herritan ikusi diren jende pilaketengatik) baina haurrentzako parkeek itxita jarraitzen dute. Egunero koronabirusaren garapena aztertzeko egiten duten bileraren ondoren ematen duen prentsaurrekoan, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazioko Zentroaren zuzendariak adierazi hala jarraitu beharra daukatela kontrola bermatu ahal izateko.

Simonek gogorarazi du larunbat honetan baimendu dena aktibitate fisikoa egitea dela, ez bizitza soziala: "Helburua ez da pertsoank euren artean, taldeka, hizketan egotera atera ahal izatea; ezin da geldirik egon, ezta taldeetan bildu ere" gogorarazi du.

"Une egokia iristen denean" haurrentzako parkeak irekiko dituztela esan du, "baina konplexua da, kontrola okerragoa izan baitaiteke".

Irteerak, herri txikietan

5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako irteerei buruz (Espainiar Estatuko biztanleen % 12), Simonek adierazi du pilaketen mailak ez duela zerikusirik hiri handietan eman daitezkeenarekin, eta beraz, egokia dela neurriak ezberdinak izatea.

Arauen aplikazioan "zentzuz jokatzea bermatzea" dela helburua nabarmendu, eta gogorarazi du hiri handietan bizi den jendearen irteerek eta herri txikietan bizi direnenek ez dutela "arrisku maila bera".

"Helburua segurtasun neurriak mantentzea da, adinekoak babestea. Arauen aplikazioa sentsibilitate ezberdinez egin beharra dago herri handietan eta txikietan" eta herri horietako udalak "pertsonen mugimendua modu logikoan ordenatzeko gai" izango direla defendatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Albisteak (3)