Koronabirusa
Osakidetzako ehun langile kutsatu dira akastun maskarak erabiltzeagatik
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Osasun Ministerioak banatutako maskarak erabili zituzten 4.000 langilek, eta horietatik ehunek COVID-19agatik positiboa eman dute egin zaizkien PCR testetan.
Espainiako Osasun Ministerioak emandako maskarak erabili zituzten Osakidetzako 4.000 langilek, eta horietatik ehunek COVID-19 koronabirusagatik positiboa eman dute egin zaizkien PCR testetan.
Nekane Murga Osasun kontseilariak hala baieztatu du, eta, gaineratu du, testak egin zaizkien langile guztiei berriz ere frogak egingo dizkietela PCR testak eta test seriologikoak erabilita.
Osasun Ministerioak bidalitako "Garry Galaxy" maskarak erabili zituzten profesionalak izan dira kaltetuak, ondoren, maskara mota hau erretiratu egin zuen Ministerioak joan den astean. Orduan, egin ziren 2.274 testetatik 64k positiboa eman zutela esan zen, baina orain 4.000 langileri testak egin ostean, maskara horiek erabili zituztenen % 2,5 izan dira kutsatuak.
Murgak adierazi duenez, maiatzaren 1era arte Osakidetzako langileen erdiari (% 50) egin zaizkie frogak, guztira 35.000 langilek osatzen dutelarik. Konkretuki, 18.993 langileri egin zaizkiela PCR testak eta positiboak % 5,1 izan direla azaldu du kontseilariak. Analitikak langile guztiei egingo zaizkiela esan du Murgak, eta, gogoratu du, osasun-langileei dagokienez alta jaso dutenak gehiago direla kutsatutakoak baino, duela aste batzuetatik.
Osakidetzak jasotako KN95 motako maskarei buruz, Murgak ziurtatu du, % 94 baino gehiagoko iragazpena behar den area ezberdinetan ez dagoela ehuneko hori baino gutxiago duen KN95 maskararik.