Koronabirusa
ZIUko 1,5 eta 2 ohe artean bermatu beharko dira 10.000 biztanleko, fasez aldatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Nahitaez bete beharreko baldintza da, eta autonomia erkidegoek gehienez bost eguneko epea dute zainketa intentsiboen unitateetan ohe kopuru hori prestatzeko ahalmena dutela frogatzeko.
Zainketa intentsiboen unitateetan 10.000 biztanleko 1,5 eta 2 ohe artean prestatzeko ahalmena dutela frogatu behar dute autonomia erkidegoek gehienez bost eguneko epean, konfinamendua arintzeko planean aurrera egin eta fasez aldatu ahal izateko. Horrez gain, gaixo larrienentzako 37 eta 40 ohe artean jar ditzaketela frogatu beharko dute. Nahitaez bete beharreko baldintzak dira, etorkizunean COVID-19 gaitzak izan ditzakeen agerraldi berrietarako prest egoteko.
Hala jakinarazi du asteburu honetan Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak Maria Jesus Montero Ogasun ministroarekin batera egindako agerraldian. Ildo horretatik, etorkizunean izan daitezkeen balizko agerraldi berriei aurre egin ahal izateko ezinbesteko baldintzak direla nabarmendu du.
Gainera, deseskalatze planak iraun bitartean, osasun arloko profesionalen kopuruari eustea gomendatu die Illak autonomia erkidegoei, pandemiaren une "gorenetan" zegoena erreferentziatzat hartuta, bai eta lehen mailako arreta zein osasun publikoa indartzeko berrantolaketa egitea ere, "funtsezko zeregina izango baitute" kasu berrien detekzio goiztiarrean.
Baldintza horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean igande honetan argitaratutako ministro-agindu batean daude jasota. Agindu horrek fasez aldatzeko baldintza epidemiologikoak betetzen direla egiaztatzeko edo, bestela, "motelago aurrera egiteko" erreferentzia gisa balio duten irizpideak jasotzen ditu.
Dena dela, hori guztia autonomia erkidegoekin egingo diren aldebiko bilera tekniko eta politikoetan aztertuko da, eta, elkarrizketa horietan, proposamen guztiak aztertuko dituzte. Proposamenak astebete lehenago aurkeztu beharko dira, baina, kasu honetan, "ezohiko" lehen astea izanik, asteazkenera arte izango dute horretarako aukera.
Bestalde, egoera aztertzeko erreferentziazko lurralde-unitatea probintzia edo uhartea bada ere, hobeto egokitzen diren beste unitate batzuk "dagokion moduan arrazoituta" proposatzen badira, eta "ezarritako irizpideak betetzen badituzte", elkarrekin aztertuko dutela esan du Illak.