Koronabirusa
Ez dago aldaketarik 0 fasean etxetik ateratzeko ordutegietan
eitb.eus
Whatsappez eta sare sozialetan kartel eta grafiko desberdinak zabaldu diren arren, oraingo fasean berdin jarraitzen dute ordutegiek adin eta jarduera desberdinetarako.
Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma egoera leuntzearen 0 fasean ez dute aldaketarik egin oraingoz, 2020ko maiatzaren 6an, kalean paseatzeko edo kirola egiteko ordutegietan.
Whatsappez eta sare sozialetan ordutegi desberdinak agertzen dituzten kartelak eta grafikoak zabaldu badituzte ere, Espainiako Gobernuak paseatzeko eta kirola egiteko baimena eman zueneko, hau da, maiatzaren 2ko, baldintza berberak daude indarrean.
VOST Euskadi boluntario digitalen elkarteak ohartarazi digu albisteari jarri diogun irudia zabaltzen ari direla, eta faltsua eta erabat okerra dela. EiTBk koronabirusaren pandemian zehar buloei aurre egiteko abian jarritako Koronabuloak ekimenean boluntario talde horrekin ari gara elkarlanean.
Informazio zuzen guztia, eitb.eus-en
Informazio zuzen guztia eitb.eus-en dago jasota, eta honela labur liteke: 14 urtetik gora eta 70 urtetik behera dituztenek 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara egin ahalko dituzte jarduerak. 70 urtetik gorakoak 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara atera ahal izango dira. 14 urtetik beherakoak, berriz, 12:00etatik 19:00etara. Arau horiek ez dira 5.000 biztanletik beherako herrietan ezartzen. Hemen daude 0 fase honetan etxetik ateratzeko ordutegi eta baldintzak xehe-xehe eginda.
Boluntario digitalen elkartetik esan digute, gainera, oraindik pertsona batzuek uste dutela ordubeteko muga dagoela paseatzeko, baina muga hori 14 urtetik beherakoentzat da soilik.
VOST Euskadik partekatu duen txio honetan argi ikusten da deseskalatzearen fase honetan noiz, zenbat eta nola atera daitekeen kalera.
¿¿Estos son los horarios REALES y CORRECTOS junto con las normas de las salidas. Están circulando varios horarios en #internet que no tienen nada que ver con este.
— VOSTeuskadi (@VOSTeuskadi) May 3, 2020
Recuerda que salir fuera del horario que corresponde puede suponer una multa. #Estevirusloparamosunidos pic.twitter.com/P1exf12pak
Boluntario digitalez gain, EiTB Maldita.es-ekin (Maldito Bulo atalaren bitartez) eta La Mecanica del Caracol saioko zientzialariekin dago harremanetan fake news edo gezurrezko albisteei aurre egiteko.