Itxi

Koronabirusa

Konfinamendura itzultzeko arriskua "benetakoa" dela ohartarazi du MOEk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gaixotasunak eskualde bakoitzean eragin ezberdina duela adierazi du Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak, eta, horregatik, lurralde bakoitzean neurri propioak hartzeko eskatu du.

Tedros Adhanom Ghebreyesus, MOEko zuzendari nagusia. Argazkia: EFE

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak ohartarazi duenez, konfinamendua berriro ezartzeko "arriskua benetakoa da", herrialdeek birusaren transmisioa ondo kudeatzen ez badute, bereziki deseskalatze prozesua egiten hasten direnek.

Ildo horretatik, herrialde barruan bertan, gaixotasunak eskualde bakoitzean eragin ezberdina duela adierazi du, eta, horregatik, lurralde bakoitzean neurri propioak hartzearen garrantzia azpimarratu du, pandemiaren eragina kutsatutako eta hildako pertsonen kopurutik "askoz harago" doalako.

MOEko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, atzemandako kasu guztien jarraipen "irmoa" egiten dela eta transmisioa kontrolpean dutela bermatu behar dute herrialdeek deseskalatze prozesua hasi ahal izateko. Testuinguru horretan, osasun sistemek gai izan behar dute baieztatutako kasu baten kontaktu guztiak detektatzeko, isolatzeko, probak egiteko, artatu ahal izateko eta jarraipena egiteko. Horrez gain, balizko agerraldi berri batean, ospitaleetan eta zahar-etxeetan arriskuak "ahalik eta gehien" murriztu daitezkeela bermatu behar dute.

"Pandemiak agerian utzi du osasun-sistema sendoa eta arreta unibertsala izatea zein garrantzitsua den. Osasun-sistema sendoak dira agerraldi berrien eta epidemien aurkako defentsarik onena", esan du MOEko zuzendari nagusiak.

Orain arte, nazioartean 3,5 milioi pertsona kutsatu dira koronabirusarekin, eta dagoeneko 250.000 pertsona hil dira horren eraginez. Mendebaldeko Europan kutsatuen kopurua murrizten ari bada ere, beste toki batzuetan nabarmen ugaritzen ari dira kasu positiboak; Ekialdeko Europan, Afrikan eta Asiako hego-ekialdeko herrialdeetan, esate baterako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (3)