Itxi

Koronabirusa

Gaur berrezarriko dute TAO zerbitzua Gasteizen

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Telefono mugikorrean Telpark izena duen aplikazioa erabiltzea gomendatu die Udalak herritarrei, aparkalekua parkimetroa ukitu gabe kudeatzeko aukera ematen baitu.

Txirrindulariak, Gasteizen. Argazkia: EFE

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, gaurtik aurrera (maiatzak 11) berreskuratuko du TAO zerbitzua. Hori dela eta, telefono mugikorrean Telpark izena duen aplikazioa erabiltzea gomendatu die herritarrei, aparkalekua parkimetroa ukitu gabe kudeatzeko aukera ematen baitu.

Udalak ohar batean gogora ekarri duenez, martxoaren 16an bertan behera utzi zuten zerbitzua, koronabirusak eragindako pandemia dela eta.

"Joan-etorriak egiteko ohiturek aldaketa handiak jasaten ari dira gaur egun, eta aldaketa horiek ahalik eta gutxien eragin beharko liokete hirian ibilgailu motordun pribatuekin egiten diren joan-etorriak murrizteko helburuari", adierazi du Udalak.

Testuinguru horretan, 2019an martxan jarri zen Telpark mugikorretarako aplikazioa "orain inoiz baino gehiago" erabiltzea gomendatu du Gasteizko Udaleko Trafiko Zerbitzuak, izan ere, parkimetroa ukitu gabe ordaintzea ahalbidetzen du, txanponak erabili gabe eta tiketa hartu behar izan gabe; ibilgailua aparkatuta egon den denbora bakarrik ordainduz.

"Aparkaldia kudeatzeko modurik seguruena da, pandemiari aurre egiteko osasun arduradunek emandako gomendio guztiak zainduz", azpimarratu du Udalak.

Halaber, telefono mugikorrentzako aplikazio horrek ibilgailua aparkatuta izateko denbora luzatzeko aukera ere ematen duela nabarmendu du Udalak, TAO zerbitzua erabiltzen den denbora zehatza ordainduz bakarrik. Gainera, hainbat ibilgailuren aparkalekua kudea daiteke aldi berean, eta aparkatzeko denbora agortzear denean jakinarazpena bidaltzen du.

Udalak gogorarazi du, halaber, telefono mugikorretik zigorrak ordaintzeko aukera ematen duela Telparkek, eta sakelako telefonoaren GPSari esker ibilgailua geolokalizatzeko aukera. Aplikazioa erabiltzeko, beharrezkoa da Telpark aplikazioan bertan izena ematea. Google Play eta Appleren App Storen eskura dago, doan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (3)