Koronabirusa
Gizon bat salatu dute Uharten, jaurtigairik gabeko kartutxoekin tiro egitea egotzita
Agentziak | Erredakzioa
50 urteko bizilagunak ez du armak erabiltzeko baimenik. Horrez gain, alarma-egoerak agindutako konfinamendu arauak hausteagatik ere zigortuko dute.
50 urteko gizon bat salatu dute Uharten, jaurtigairik gabeko kartutxoekin herriko erdigunean tiro egitea leporatuta, armak erabiltzeko baimenik gabe eta alarma-egoerak agindutako konfinamendu araua urratuz, Guardia Zibilak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Apirilaren 19ko arratsaldean, herritar batzuek Guardia Zibilaren 062 telefonora deitu zuten, bizilagun bat kalean tiro egiten ari zela jakinarazteko. Orduan, Uharteko udaltzainek eta Iruñeko Guardia Zibilak osatutako bilaketa dispositibo bat martxan jarri zuten.
Tiroen egilea, 50 urteko gizon bat, guztiz identifikatuta zegoen, eta bere borondatez joan zen udaltzainen egoitzara. Bizilagunak, tiro egiteko erabili zituen suzko bi armak entregatu zituen.
Gizonari bi armak konfiskatu dizkiote, ez baitu horiek erabiltzeko baimenik. Ondorioz, arma horiek edukitzeagatik eta debekatutako armak zabarkeriaz eta gaitutako lekuetatik kanpo eramateagatik, erakusteagatik eta/edo erabiltzeagatik zigortzeko proposatu dute.
Horrez gain, alarma-egoerak agindutako konfinamendu arauak hausteagatik ere zigortuko dute.