Koronabirusa
Iberdrolak ez die bezeroei deitzen faktura iritsi zaien galdetzeko
eitb.eus
Sare sozialetan zabaldutako audio batean emakume batek salatzen du fakturagatik galdetu ostean, datuak eskatzen dituztela eskaintza bat egiteko. Baina ez da Iberdrola.
Iberdrola energia konpainia ez da bezeroei deitzen ari faktura iritsi ote zaien galdetzeko eta koronabirusaren pandemiagatik eskaintzak egiteko.
Sare sozialetan zabaldu den audio batean emakume batek azaltzen duenez, Angel Romero delako gizon batek deitu zion Iberdrolaren izenean faktura iritsi ote zitzaion eta eskaintza egin ote zioten galdetzen, koronabirusagatik ezarritako alarma dela eta bezero guztiei ustez egiten ari zaizkien eskaintza baten harira. Faktura jaso zuela erantzun zionean, gizonak paper hori eskuetan edukitzeko eskatu zion, eta ondoren Iberdrolatik beste dei bat jasoko zuela.
Ordu batzuk geroago, emakume batek deitu omen zuen konpainia elektrikoaren izenean, baja zergatik eman zuen galdezka. Galdera horren aurrean, iruzurraren biktimak erantzun zuen ez zuela halakorik egin, eta konpainiako ustezko langileak esan zion hor zituela bajaren paperak eta mesedez esan ziezazkiola NAN eta bankuko zenbakiak egiaztatzeko. Audioa zabaldu duen emakumeak esaten du ez zizkiola datuak eman eta Iberdrolara deituko zuela esan ziola. Horren aurrean, beste emakumeak eskegi egin omen zuen.
Engainuaren biktimak konpainiara deitu zuen dena ongi ote zegoen jakiteko, eta enpresatik baietz erantzun zioten.
Iberdrolak ukatu egin du deiak egin izana
Iberdrolak EiTBren #Koronabuloak ekimenari, koronabirusaren pandemian sortzen ari diren albiste faltsuei aurre egiten dienari, esan dio hori ez dela "bezeroei zuzentzeko erabiltzen dugun modua" eta ez direla "horrelako ekintza komertzialak" egiten ari.
Konpainiak bazekien audio hori zabaltzen ari zela WhatsAppen, eta azpimarratu du Iberdrolako langileek ez dutela eskaintzarik egiten bezeroen artean "audioan azaltzen den moduan. Deitzen dugunean, gure izena emateaz gain, edozein zalantzaren aurrean kode bat ematen diogu bezeroari, 900 225 235 telefonoan deitzen ari den pertsonaren nortasuna egiazta dezan".
Iberdrolaren izenean egiten ari diren dei faltsu horien jatorriaren harira, enpresak ez daki nondik ari diren egiten, baina uste du "pertsona horien datuak" lortu nahi dituztela "legez kanpoko helburuekin edo helburu komertzialekin".
Iberdrola beste gezurrezko albiste baten protagonista izan zen martxoaren amaieran ere, eta hemen gezurtatu genuen bezero guztientzat 60 egunez % 25eko deskontua egiten ari zela zioen mezua.
Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ari da EiTB elkarlanean koronabirusaren inguruko zurrumurruei aurre egiteko asmoan.