Koronabirusa
Espainiako Osasun Ministerioak ez daki zergatik murriztu den 1 fasea EAEn
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariaren ustez, “Euskadi da arrazoiak kontatu behar dizkiguna”.
Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariak esan du ez dakiela zergatik “murriztu” den Euskal Autonomia Erkidegoan deseskalatze prozesuaren 1 fasean baimenduta dauden jardueren zerrenda eta autonomia erkidegoak azaldu beharko duela.
“Euskadi osoa zegoen, gure ustez, fase bat aurreratzeko moduan, eta hori jakinarazi zen. Gero, maila autonomikoan, 1 faserako proposatzen denaren gainean murrizketaren bat egitea erabaki badute, nik ez daukat ezer esateko, ezin dut iritzirik eman”, adierazi du Simonek.
Azpimarratu egin du: “Euskadi da arrazoiak kontatu behar dizkiguna, nik oraintxe ez dut horien berri”.
Simonen erantzuna dator, Ertzaintzak eta udaltzaingoek alerta sanitariorako dituzten jardunbideetan jasota dagoenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzetan talde txikiak batzeko baimena ukatu eta gero. Neurri hori ez da agertzen lehendakariak igandean sinatu zuen dekretuan ere, nahiz eta Espainiako Gobernuak baimendu egiten duen, deseskalatzerako 1 fasean.
Eusko Jaurlaritzak irizpidea aldatu eta gero, familia unitatetik kanpoko lagunekin batzeko modu bakarra ostalaritza eta sukaldaritza establezimenduetan egitea izango da, edariak edo janaria kontsumitzeko, eta hamar lagun baino gutxiagoko taldeetan.
Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariak azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak “ahalmen oso indartsuak ditu, baita lehendik ere maila altuan abiarazita zeuden zaintza eta detekzio goiztiarreko sistemak eta aldeko egoera epidemiologikoa ere, transmisio maila oso baxuarekin”.