Itxi

Koronabirusa

Erretzaileek COVID-19agatik hiltzeko arrisku handiagoa dutela esan du MOEk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Munduko Osasun Erakundeak adierazi duenez, koronabirusa duten eta erretzaileak diren pertsonek sintoma larriagoak izan ditzakete.

Tedros Adhanom, Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusia. Argazkia: EFE

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) astelehen honetan adierazi duenez, erretzaileek sintoma larriagoak izateko eta COVID-19agatik hiltzeko arrisku handiagoa dute. Ezeztatu egin dituzte nikotinak koronabirusetik babestu zezakeela esaten zuten ikerketak.

Arnas infekzio askotarako "tabakoa arrisku faktore jakina" dela esan du MOEk, eta arnasarekin zerikusia duten gaixotasunak larritzen dituela. 2020ko apirilaren 29an, Munduko Osasun Erakundeak agindutako eta osasun publikoko adituek egindako ikerketa batek adierazi zuen, erretzaileek aukera gehiago dituztela COVID-19aren  gaixotasuna larritzeko, erretzaileak ez direnekin alderatuta.

"COVID-19ak birikiei eragiten die gehienbat. Erretzeak ere birikiei kalte egiten die, gorputzari koronabirusaren aurka eta beste gaixotasun batzuen aurka borrokatzea zailduz. Gainera, tabakoak bihotzeko gaixotasunak, minbizia, arnas gaixotasunak edota diabetesa eragiten ditu; ondorioz, pertsona horiek gaixotasun larriak izateko aukera gehiago dituzte COVID-19a badute. Ikerketek adierazten dutenez, erretzaileek gaixotasun larriak izateko eta hiltzeko aukera gehiago dituzte", laburbildu du MOEk.

Ikerketa hauen emaitzak ikusita, Munduko Osasun Erakundeak ikertzaileei, zientzialariei eta komunikabideei eskatu die "kontuz ibiltzeko" tabakoa edota nikotina COVID-19tik babesteko gai dela dioten eta konfirmatuta ez dauden baieztapenei buruz hitz egiterakoan.

"Gaur egun, ez dago nikotinak edo tabakoak COVID-19tik babesten zaituela bermatzerik", gogoratu du Munduko Osasun Erakundeak. Bestalde, MOEk, erretzaileei gomendatu die erretzeari uzteko "neurriak azkar hartzeko", eraginkortasuna bermatuta duten metodoen bidez, erretzeari uzteko laguntza telefono zenbakiak erabiliz edo nikotina ordezkatzen duten terapiak baliatuz.

Albisteak (3)