Itxi

KORONABIRUSA

6 eta 10 urte bitarteko haurrak eskolara itzuli dira Ipar Euskal Herrian

EITB.EUS

Leer en Castellano

Ikasgela bakoitzean ezingo dira hamabost haur baino gehiago egon, bi metroko distantzia mantendu beharko dute mahai batetik bestera, eta klase desberdinetako haurrak ezingo dira haien artean nahastu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ipar Euskal Herrian, hainbat haur eskolara itzuliko dira gaur, Frantziako Estatuan itxialdia arintzen hasi eta bigarren egunean. 6 eta 10 urteko arteko umeak izango dira klasera itzultzen lehenak, beren gurasoek hala nahi badute, baina klaseak ez dira pandemiaren aurretik bezala emango.

Ikasgela bakoitzean ezingo dira hamabost haur baino gehiago egon, bi metroko tartea gorde beharko dute mahai batetik bestera, eta eraikin barruan zein jolastokian klase desberdinetako haurrak ezingo dira elkarrekin nahasi. Horiek dira Frantziako Gobernuak ezarri dituen neurrietako batzuk. Irakasleak antolaketa lanetan aritu dira azken egunotan.

Zentro batzuetan, esaterako, A ikasgelako haurrak astean bitan joango dira klasera, eta B ikasgelakoak beste bitan. Irakasleak ere banatuta aritu beharko dira; erdiak aurrez aurreko klaseetan egongo dira eta beste erdiak online eman beharko dituzte klaseak. Babes neurriei dagokienez, eskuak garbitzeko xaboia ikasgela guztietan egongo da, eta haurrek ez dute jostailurik izango.

Eskola publiko elebidunetako gurasoek kezkatuta agertu dira, euskarazko eskolak ez daudelako ikasle guztientzat bermatuta, horien ustez. Gainera, hemendik aurrera ezingo dira ikasgela bateko eta besteko haurrak elkartu euskarazko klaseak emateko, kutsatzeko aukera murrizteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskara gomendagarria da sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanik baduzu, eta nahitaezkoa garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (1)

Bideoak (1)