Koronabirusa
Zazpi salaketa eta 22 isun, Gasteizko ostalaritza lokaletan
Agentziak | Erredakzioa
Atzo, 1 fasearen lehen egunean, lau lokalek ez zuten baimenik, bik mahai gehiegi jarri zituzten eta batek taberna barruan zerbitzatu zuen.
Gasteizko Udaltzaingoak 44 establezimendu ikuskatu zituen atzo, terrazak ireki ziren lehen egunean, eta 22 isun jarri eta zazpi lokal salatu zituen: bi, terraza jartzeko baimenik ez zutelako; bi, mahai gehiegi jarri zituztelako; eta bat, barruan zerbitzatu zuelako.
Gaur goizetik, udal agenteak irekita dauden ostalaritza establezimenduetara joaten ari dira, jabeei derrigor hartu behar dituzten neurriei buruzko informazioa emateko, batik bat segurtasun tarteari eta mahai edo mahai talde bakoitzeko gehienez hamar pertsonako muga jartzeari dagozkienak.
Marian Gutierrez Herritarren Segurtasunerako zinegotziak azaldu duenez, Arabako hiriburuko Udalak ez ditu atzo jazotakoak bezalako egoerak errepikatzerik nahi, Poliziaren kontrola gorabehera terrazetan “pilaketak” eta, debekatuta dagoen arren, mahaietatik kanpo zutik edaten aritu ziren bezeroak egon baitziren.
“Zaintza zorrotza” parke publiko eta eremu berdeetara ere eramango dute. Hurrengo egunetan, “bizipoliak” patruilatzen hasiko dira, normalean ekainean hasten badira ere aurten lehenago abiatuko baitute beren eginbeharra, COVID-19ari aurre egiteko segurtasun neurriak betetzeko zereginean laguntzeko.