Itxi

Koronabirusa

Ostalariek eta erakundeek terrazetako jendetzak saihestu nahi dituzte

EiTB.EUS

Astelehenean ireki zituzten berriro EAEko hainbat tabernatako terrazak; horietan zer gertatu zen ikusita, "erantzukizuna" eskatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ostalaritzako langileen elkarteek, erakundeek, Udaltzaingoek eta Ertzaintzak "erantzukizuna" eskatu dute astearte honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko taberna batzuetako terrazetan astelehenean zer gertatu zen ikusita. Tabernetako terrazak egun horretan ireki zituzten berriro, hainbat mugarekin, alarma-egoeragatik martxoaren 14tik itxita egon ostean, eta Euskadiko gune batzuetako tabernen aurrean jendetzak izan ziren.

Astelehenean hasi zen Euskadin deseskalatzearen 1 fasea, eta hori gutxienez hilaren 24ra arte izango da indarrean. Fase horretan, ostalaritza-establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak ireki ahal dituzte, baina edukiera murriztuta dute, % 50ean.

Lokalek ziurtatu behar dute gutxienez bi metroko tartea utziko dela mahaien artean; Udalek, baina, baimena eman dezakete mahai-kopurua handitzeko, baldin eta azalera proportzioan handitzen bada.

Ertzaintzak gogoratzen duenez, terrazetan gehienez ere hamar pertsona elkartu ahal izango dira, mahai bakoitzean edo mahai-multzo bakoitzean, edaria eta janaria kontsumitzeko.  Ordutegi-muga bakarra ixtekoa da: 23:00etan itxiko dituzte.

Terraza-zerbitzuan higiene- eta/edo prebentzio-neurriak errespetatuko dira, bai eta langileentzat ezarritako higiene- eta/edo prebentzio-neurriak ere.

1 fasean, gainera, ez daude baimenduta zerbitzua eta kontsumoa, ostalaritza-lokalen barruan.

Hainbat salaketa EAEko hiriburuetan, 1 faseko lehen egunean

1 fasearen lehen egunean, astelehenean, lokal batzuk salatu zituzten Gasteizen eta Donostian, murriztapen horietako baten bat ez betetzeagatik; Bilbon, berriz, taberna batzuek ixtea erabaki zuten, kontuan izanik ezin zuela bermatu murriztapenak bete zitezela.

Hain zuzen ere, Gasteizen, Udaltzaingoak 44 establezimendu ikuskatu zituen. 22 ohartarazpen ezarri zituen, eta zazpi lokal salatu: lau, terraza jartzeko baimenik ez izateagatik; bi, argimutil gehiegi izateagatik; eta bat, barnealdean zerbitzatzeagatik.

Donostian, Udaltzaingoak 44 miaketa egin zituen, eta 23 ohartarazpen izan ziren, pertsonen arteko segurtasun-tartea ez betetzeagatik. Gainera, taberna bat zigortu zuen, barnealdean zerbitzatzeagatik.

Bilbon, Ledesma kalean, terraza zuten taberna batzuek ixtea erabaki zuten arratsaldean; izan ere, eguerdian herritar asko bildu ziren bertan. Udaltzaingoa bertan izan zen, bezeroei gogorarazteko segurtasun-tarteak bete behar direla, baina ez zuten isunik jarri; dena dela, Udaltzaingoaren iturriek esan dutenez, agindua jaso dute, eta asteartetik aurrera zigorrak ezarriko dituzte, ostalariei zein bezeroei, neurriak ez badituzte betetzen, bereziki bi metroko urruntzea.

"Jendeak ez die kasurik egiten arauei"

"Oso zaila da ulertaraztea ilarak nola kudeatu behar diren, nola itxaron behar den, eta abar. Jendeak ez die kasurik egiten arauei". Ledesma tabernako Alex Burgo (Ledesma kalean dago, Bilbon), ahalegindu zen bezeroei azaltzen murriztapenak daudela: "Tentu handiz egin nuen, eta, nola edo hala, azkenean lortu egin nuen", dio, baina kale horretako beste taberna batzuetan, aldiz, ez zuten lortzerik izan.

Pedro Lopez de Oleagak janari-denda du Bilboko Ledesma kalean (bere izen bera du dendak); azaldu duenez, ixtea erabaki zuten tabernetako jabeek "arauak beteta" ireki zituzten terrazak, ezarritako segurtasun-tarteak zainduta, "baina bezeroak pilatzen hasi ziren, maskararik gabe, aldean babesteko ezer eraman gabe, ia-ia elkarren gainean"; batzuek "zutik" hartu zituzten euren edariak, terrazaren inguruan. Azkenean, "jabeak itxi behar izan zuen".

BIDEOA | Ledesmako tabernariek itxi egin behar izan dute, terrazan jende gehiegi pilatu delako

"Pena da", deitoratu du Lopez de Oleagak. "Ostalariak berak hartu zuen ixteko erabakia. Jendea ezin zuen kontrolatu, sesioa izan zuen kasurik egiten ez ziotelako, eta azkenean itxi egin zuen".

Ildo horretan, Antomar tabernako Jorge Burgok nabarmendu du ostalaria ez dela erruduna, "bezeroei ezarritako arauen berri ematen baitie".

Bezeroek murrizketak errespetatzen dituztela zaintzea

Hain zuzen ere, Angel Gago Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko presidenteak ohartarazi duenez, establezimendu batek "ez badu bere bezeroek arauak errespetatzen dituztela zaintzen, ez du gugan ulermenik aurkituko", izan ere, elkartean "arau bat egotea eta betetzea errespetatzen dugu".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Gagok esan du "pentsaezina dela ehunka eta ehunka pertsona" kalean ibiltzea, "maskararik eta eskularrurik gabe, eta gero mahai batean esertzea, eta inguruan lau, bost, sei, zortzi edo 22 jartzea, elkarrizketa sozial bat edo dena delakoa egitera".

Bizkaiko ostalaritzako presidente gisa, "oso argi" du Gagok: "Erakundeek eskubide batzuk aitortzeko eta hobetzeko borroka egin dugu, eta behin hori eginda, ez dugu gaitasun moral, etiko eta profesionalik neurri hori betetzen ez dela esateko", gaineratu du.

Bestalde, Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak EFE albiste-agentziari adierazi dionez, lurralde horretan terrazen irekiera, oro har, "normalizatua" izan zen, "ulertezinak diren pilaketa batzuekin".

Ordezkatzen duen elkarteak bazkideei agindu zehatzak eman zizkiela nabarmendu ostean, Martinezek esan du ez dela "ulertzen" terrazetan bezeroak zutik kontsumitzea, eta guztien erantzukizuna eskatu du orain arte egindako lana kareletik ez botatzeko.

Kontrol zorrotzagoa

Erakundeek ere astelehen honetako egoera aztertu dute. Hala, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak "kontrol zorrotzagoa" iragarri du; izan ere, 1 faseko lehen jardunaldian ikusitako arauen urraketak "ezin dira berriro errepikatu".

Urtaranen hitzetan, "oso kezkagarria" izan zen, arau hausteak "asko" izan zirelako, eta "arriskuan jartzen ari da normaltasun eta pandemiari eusteko fase baterantz aurrera egiten jarraitzea".

Hain zuzen ere, arau-hausteak terrazen % 50 bakarrik ireki ditzaketela ez errespetatzeagatik eta bizikidetza-unitate berekoak ez diren pertsonen artean bi metroko distantzia ez gordetzeagatik gertatu zirela adierazi du.

"Kasu askotan ez zen bete, eta oso kezkatuta gaude", adierazi du.

Urtaranek esan du uler dezakeela herritarren artean nahasmena egotea, egoera "aldakorra" delako eta "zaila" izan daitekeelako jakitea zer egin daitekeen edo zer ezin daitekeen egin. Hala ere, "oinarrizkoa" den zerbait dagoela esan du, hau da, elkarrekin bizi ez diren pertsonen arteko distantzia soziala mantentzea, eta hori "barneratu egin behar da".

Gainera, Marian Gutierrez Herritarren Segurtasunerako zinegotziak azpimarratu duenez, "ezin dugu orain arte egindako lan ona arriskuan jarri; jendeak normaltasunera itzultzeko gogoa duela uste dugun arren, pauso hori zuhurtziaz eman behar da, eta beti osasun-agintariek helarazten dizkiguten jarraibideak betez".

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du espero duela astelehenean hiriburuko terrazetan ikusitako "irudiak ez errepikatzea", eta Arabako gizartea "erantzukizunaren eta sen onaren" printzipioen arabera gidatzeko eskatu du, eta ez dela erlaxatuko, "birusa oraindik hemen dagoelako".

Gai horren inguruan, Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, "oro har, herritarren portaera egokia antzematen jarraitzen dugu, urruntzeari buruz indarrean dauden arauak betetzen dira, baina salbuespenak daude, eta kasu batzuetan ez da irizpide hori bete".

Goiak ez du 1 fase honetan irekitzea erabaki duten terrazen daturik, eta, ohartarazi duenez, oraingoz, Donostiako Udaltzaingoa modu "pedagogikoan" jokatzen ari da, baina "arau hausteak errepikatzen badira, zoritxarrez, modurik gogorrenean jokatu beharko da; ez dago beste aukerarik".

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Eneko Goiaren ildotik, astearte honetan adierazi duenez, Udaltzaingoak "modu didaktikoan" jokatu zuen astelehenean, ostalariei eta bezeroei koronabirusaren segurtasun neurriak gogorarazteko, baina, pertsona batzuen portaera ikusita, Udalak "irmotasunez" jokatuko du, eta, asteartetik aurrera, agenteen lana ez da informatiboa izango, baizik eta "zigortzailea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (5)

Bideoak (1)