Itxi

Hezkuntza

Espainiako Gobernuak ez du aurreikusten 2 fasera arte ikastetxeak irekitzea

eitb.eus

Leer en Castellano

Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak, adierazi du Espainiako Gobernuarekin adostu ez duen neurri bat proposatzen ari dela Eusko Jaurlaritza.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak, ETBn adierazi duenez, 1 faseak ez du aurreikusten ikastetxeak irekitzea; beraz, Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin adostu ez duen neurri bat planteatzen ari da.

Itxasok nabarmendu du Gobernu zentralak proposatzen dituenak baino neurri murriztaileagoak aplika daitezkeela, baina ez neurri malguagoak, ikastetxeen kasuan bezala. Eskolak irekitzeko, 2 fasera arte itxaron behar da gutxienez, Itxasoren esanetan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak ikasgeletara itzultzeko aukera eman ostean egin ditu adierazpen horiek Itxasok. Geletara itzuliz gero, astelehenetik, hilaren 18tik, aurrera izango litzateke, oraindik ere deseskalatzearen 1 fasean gaudenean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, ikastetxeek badakite zein ikasle dauden atzeratuago edo aurreratuago eta nortzuk itzuli behar diren ikasgeletara lehenago edo geroago.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak joan den astean iragarri zuen ikastaro "kritikoetako" ikasleak aurrez aurreko klaseetara itzuliko zirela, titulua jasotzeko eskubidea ematen zaielako edo ziklo-aldaketa dakartelako, baina betiere babes-neurriak izanda: mahaien artean metro eta erdiko distantzia gorde beharko dute, ikastetxeetan maskarak erabili beharko dituzte eta aisialdirako txandak egin beharko dituzte.

Eskolara bueltatzeko erabakia zentroen esku utzi izana salatu dute sindikatuek

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi duelako maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak hastea edo ez. Hezkuntza Saila arduragabekeriaz jokatzen ari dela salatu dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Sindikatuek gogor kritikatu dute Jaurlaritza. Joan den astean aurkeztutako plana "inprobisazioarekin, arinegi eta zehaztasunik gabe" egin duela leporatu diote, eta orain azken erabakia ikastetxe bakoitzaren ardurapean utzita "arduragabekeriaz" jokatzen ari dela salatu dute.  

"Osasuna bermatzeko neurriak eskaini gabe, ardura guztia ikastetxeen, familien eta ikasleen esku uzten du, bere ardurari uko eginez", kritikatu dute.

"Osasuna bermatzeko neurriak, protokoloak eta irizpide zehatzak biltzen dituen plana egin behar du Hezkuntza Sailak, eta ikastetxe bakoitzari plan hori gauzatzeko baliabideak eman behar dizkio", azpimarratu dute.

Horrez gain, itzulerari buruzko erabakia ikastetxe bakoitzak hartuz gero, ikasleen arteko arrakalak sortzeko eta/edo handitzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.

Gurasoak, ikasgeletara itzultzearen aurka "baldintza objektiborik eman gabe"

Unibertsitatekoak ez diren euskal irakaskuntzako ikasleen gurasoen federazioak seme-alabak ikastetxeetara itzultzearen aurka agertu dira, "horretarako baldintza objektiboak izan arte".

Elkarte horiek (AMPA, Fecapp, Bidelagun, Fapae, Feguiapa, Ufepa eta Fapacne) "ziurgabetasuna eta kezka" agertu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei eskola presentzialetara itzultzea erabakitzeko askatasuna ematea erabakitzeagatik.

Elkarte horiek "kezkatuta" agertu dira, ikastetxe batzuek ireki dezaketelako eta beste batzuek ez. Horrek "desberdintasun egoerak sortuko lituzke", horien hitzetan, eta, hori dela eta, "modu koordinatuan jokatzea" eskatu dute.

Egoera horrek ikasleei zein familiei "estutasuna eta segurtasunik eza" eragiten diela azpimarratu ondoren, "online" prestakuntza "martxan" dagoela adierazi dute elkarteek, eta "litekeena da datorren ikasturtearen hasieran ere horrela jarraitzea", gaineratu dute.

Egoera horretan, ikasle guztiak digitalizatzeko "finantzaketa egokia" izatea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, baita finantzaketa-plan bat ere, ikastetxe guztiek "beharrezko neurriak" har ditzaten ikasgeletara itzultzeko "beharrezko segurtasun-mailak" zehaztuta.

Albisteak (3)

Bideoak (1)