Itxi

Koronabirusa

Zer aldatuko da Euskadin gaurtik aurrera?

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EAEko herritarrek bizi diren lurralde historiko osoan izango dute paseatzeko eta jarduera fisikoa egiteko aukera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretu bat argitaratu du asteburuan, astelehenean hasi zen deseskalatzearen 1 faseari lotutako berritasun baten berri emateko.

1 fasean osasun publikoa bermatzeko hainbat murriztapen daude. Besteak beste, herritarrek mugatuta dituzte joan-etorriak: paseoak bizi diren udalerrietan bakarrik egin ahal ziren; eta jarduera fisikoa eta kirola bizi diren udalerrietan eta mugakideetan soilik egin ahal zuten.

Gaur, astelehena, ordea, aldaketa bat izango da; izan ere, herritarrek ez dute mugarik izango euren lurralde historikoan paseatzeko edo kirola egiteko.

Orain arte, salbuespen egoeretan bakarrik joan ahal zen lurralde historikoko beste udalerri batera: osasun-arrazoiengatik; lanarekin lotutako arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekotasuna dutenak, desgaitasunen bat dutenak edo premia-egoeran dauden senideak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, eta antzeko arrazoiengatik.

Halaber, EAEko herritarrek beste lurralde historikoetako aldameneko udalerrietan ere egin ahalko dituzte paseoak, edo kirol-jarduerak, horien arteko zirkulazioa ohikoa izanez gero (adibidez, Eibarko herritarrak Ermura joan ahalko dira, eta Ermukoak Eibarrera).

Gaurtik aurrera irekita dauden kudeaketa pribatuko kirol-instalazioekin, halaber, gauza bera gertatuko da: lurralde historiko osoko herritarrek erabili ahalko dituzte, bai eta lurralde historiko horretako mugakideak diren udalerrietakoek ere.

Astelehenean 1 fasea indarrean sartu zenetik ezarrita dauden neurriek indarrean jarraituko dute; beraz, ondorengoa egiten jarraitu ahalko dute herritarrek:

-Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahalko dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

-Familiak elkarrekin irten ahalko dira paseatzera. Hori bai, 14 urtetik beherako haurrekin, gehienez ordubetez ibili ahalko da paseoan.

-Adinekoak, laguntzapeko pertsonak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatu ahalko dira, zaintzeko eta artatzeko, eta lurralde historikoa ez da muga izango. Senideak koronabirusagatik positibo eman badu edo isolamenduan badago, ezingo dugu bisitatu. Ez da komeni adineko pertsonak edo arrisku-taldeetakoak bisitatzea, COVID-19aren aurrean ahulagoak direlako.

-Ospitalean dauden gaixoei bisita egiteko aukera izango da, betiere COVID-19arekin kutsatuta ez badaude. Bisitaria pertsona bakarra izan beharko da eta beti pertsona bera izateko gomendioa egin dute.

-Gehienez 10 laguneko bilerak baimenduko dira, kalean. Bi metroko segurtasun-tartea zaindu beharko da, eta higiene-arauak errespetatu beharko dituzte (eskuak garbitzea, besteak beste). Segurtasun-tartea gordetzerik ez dagoenean, maskara jarri beharko dute. Beti pertsona berak batzeko eta talde handitan ez elkartzeko gomendatu dute.

-Terrazetan eseri ahalko gara, zerbait hartzeko, horretarako tokirik topatuz gero, eta mahaien erdiak soilik okupatu ahalko dira. Mahaien eta bezero taldeen artean gutxienez bi metroko tartea izan beharko da, eta taldeak ez dira hamar lagunetik gorakoak izango. Horrez gain, mahaiak desinfektatu egin beharko dira bezero batek erabili ostean eta hurrengoak erabili aurretik, eta ezingo dira erabili ez ohiko kartak ez ezpainzapiak. Ez dago denbora mugarik.

-Bigarren etxebizitzara joan ahalko gara, lo egitera, bizitzera edo dena delakoa egitera, baina bakarrik egin ahalko dugu bizi garen lurralde historiko berean badago.

-Etxebizitza berean bizi diren pertsonak ibilgailu berean joan ahalko dira, muga bakarra ibilgailurako baimendurako plaza-kopurua izango da, eta ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.

-400 metro karratu baino gutxiagoko saltokiek soilik ireki ahalko dute, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Dendek gehienez ere har ditzaketen bezeroen % 30 hartu ahalko dituzte, gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde beharko da eta adinekoei lehentasuna emateko ordutegia zehaztu beharko da. Horrez gain, lokala egunean birritan desinfektatu beharko dute merkatariek.

-Aire zabaleko merkatuen jarduera itzuliko da kaleetara, udalek baimenduz gero, baina postuen arteko distantzia eta merkatu ibiltariaren mugak errespetatuz, segurtasun-indarrek edukiera behar bezala kontrolatzeko. Ohiko postuen kopurua % 25era mugatuko da, eta gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.

-Lorezaintza-zentroak eta landare-mintegiak zabaldu ahalko dira, azalera erabilgarria edozein izanda ere, baina beti aurretik hitzorduak hartuta.

-Loteria-administrazioak irekita daude, baina ez merkataritza zentroetan edo parkeetan daudenak eta kanpotik sarrera zuzena eta independentea ez dutenak.

-Gaubeilak baimenduta daude, baina bertara joan daitezkeen senide eta lagunen kopurua mugatu egingo da: gehienez ere, 15 pertsona batu ahalko dira aire zabalean, eta 10, berriz, leku itxietan.

-Hileta eta ehorzketetara joan ahalko da, baina muga bat dago: hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erretzeko agurrera gehienez 15 pertsona joan ahalko dira, eta, nahi den kasuan, apaiza ere batu ahalko zaio talde horri.

-Gurtza-lekuak irekita egongo dira, baina fededunen joan-etorria heren batera murriztuko da. Leku itxiak izanik, maskara jartzea gomendatzen dute.

-Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egitera edo kontzesionario batera joan daiteke, aurretik hitzordua eskatuta.

-Espainiako Gobernuak telelana lehenesten jarraituko du, posiblea den kasuetan.

-Berreskuratu dituzte desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta lanbide-terapia, errehabilitazio-terapia eta terapia psikosoziala, eta egoitzetan bizi ez diren adineko pertsonei ere etxez etxeko arreta eta etengabeko jarraipena eskainiko zaie berriro.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (1)

Bideoak (1)