Itxi

Deseskalatzea

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa berritzeko epea luzatu du Espainiako Gobernuak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Alarma egoeran ziurtagiria iraungitu zaien ibilgailuei bakarrik aplikatuko zaie luzapena. Azterketa egiteko epeak mailakatuta antolatuko dira, data konkretuen arabera.

Asko dira alarma egoeran IAT berritu behar zuten ibilgailuak. Argazkia: Efe.

Espainiako Gobernuak Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren ziurtagirien iraupena luzatzea erabaki du, hurrengo azterketa egiteko data alarma egoeraren barruan duten ibilgailuen kasuan. Horrela, iraungitzea gertatu arte alarma egoeran igarotako aste bakoitzetik epea 15 egun naturaletan luzatuko zaie.

Estatuko Aldizkari Ofizialak jasotakoaren arabera, agindua indarrean sartu da larunbat honetan eta helburua alarma egoeran egiteke geratu diren ibilgailuen azterketa “kopuru handia” antolatzea da.

Apirilaren 6an aditzera emandako SND/325/2020 aginduaren arabera, ibilgailuen azterketak alarma egoera eta balizko luzapenak bukatzetik 30 egun naturalez luzatu zituzten.

Horrela, eta Osasun Ministerioak emandako aginduaren ondorioz, IAT egiteko epeak mailakatu egingo dira, eta ondorengo daten arabera erabakiko dira:

- 1 astea, martxoaren 14tik 20ra: 30 egun gehiago gehi beste 15 egun.

- 2 astea, martxoaren 21etik 27ra: 30 egun gehiago gehi beste 15 eguneko bi epe.

- 3 astea, martxoaren 28tik apirilaren 3ra: 30 egun gehiago gehi 15 eguneko hiru epe.

Aipatutako epeak ez dira nekazaritzan erabiltzen diren ibilgailuen kasuan aplikatuko. Horiei, epea 2020ko azarora arte luzatuko zaie.

Luzapen automatikoa izan duten ibilgailuen azterketa berriak egiten direnean, IAT txartelean agertzen den data izango da hurrengo azterketarako kontuan hartuko dena, eta inoiz ez alarma egoeraren ondorioz emandako luzapeneko agirietakoa.

Albisteak (3)