Koronabirusa
Maskarak derrigorrezkoak izango dira kalean, 2 metroko distantzia mantendu ezin bada
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espazio itxietan ere derrigorrezkoak izango dira, pertsonen arteko segurtasun distantantzia mantendu ezin bada. Orain arte garraio publikoan bakarrik ziren nahitaezkoak.
Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da pertsonen artean bi metroko distantzia mantendu ezin daitekeen edozein tokitan, kalean nahiz espazio itxietan. Orain arte garraio publikoan bakarrik ziren nahitaezkoak.
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidegoetako agintariek arratsalde honetan egindako bileran hartu dute erabakia.
Osasun Ministerioak datozen egunetan argitaratuko du agindua. Topaketan izan diren iturrien arabera, baliteke agindua astelehenean edo asteartean amaitzea idazten.
EFEri hainbat autonomia-iturrik esandakoa kontuan izanik, badirudi adostasuna izan dela, koronabirusari maskara erabiliz aurre egiteko beharraz hitz egin dutenean.
Hortaz, orain arte garraio publikoan zen nahitaezkoa maskarak erabiltzea, baina aurrerantzean bide publikoan eta gune itxietan ere izango da, azken bi horietan baldin eta ez bada posible bermatzea bi metroko segurtasun-tartea uztea.
Beste komunikazio-sistema bat
Bileran, halaber, autonomia-erkidegoen eta Espainiako Osasun Ministerioaren arteko komunikazio-sistema berria ere izan dute hizpide; izan ere, hemendik aurrera, datuak arratsaldean emango dizkiote elkarri.
Espainiako Osasun ministroak iragarri du eskularruak eta maskarak helaraziko dizkietela autonomia-erkidego guztiei, eta, aurreratu duenez, 2 fasean erkidegoek autonomia izango dute jarduera jakin batzuen gainean erabakitzeko; hain zuzen ere, adineko pertsonen zentroetarako bisiten gainean erabakitzeko.
BIDEOA | Nola jantzi eta nola kendu maskara
Hurrengo fasean desagertuko diren ordu-tarteei dagokienez, autonomia-erkidego bakoitzak proposatuko du adinekoek eta desgaitasunen bat duten pertsonek ordutegi zehatzik izango duten ala ez.
Kultura-ekitaldietan baimenduta dauden herritarren gehienezko kopurua erkidegoetako Osasun Publikoak erabakiko du; hondartzetako arauei aldebiko bileretan helduko diete.