Koronabirusa
Gaurtik aurrera maskara erabili behar da kalean, leku publikoetan eta toki itxietan
Agentziak | Erredakzioa
6 urtetik beherako umeak, ordea, betekizun horretatik kanpo daude. Hegoaldean, kalean, aire zabalean eta toki itxietan jantzi beharko dira, bi metroko tartea gorde ezin bada.
Gaurtik aurrera, maskara derrigor erabili behar da bide publikoan, aire librean eta erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekita dauden espazio itxi guztietan, pertsonen arteko bi metroko segurtasun tartea gorde ezin bada, Espainiako Gobernuaren aginduaren arabera.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak erabakia jakinarazi ostean, Espainiako Aldizkari Ofizialak atzo, asteazkena, kaleratu zuen agindua. Bertan azaltzen denez, betekizun horretatik kanpo gelditzen dira 6 urtetik beherako umeak, baina 3 eta 4 urteko umeek musukoa erabiltzea “gomendagarria” da.
Salbuespenen artean, maskara erabiltzeak larriago lezakeen arnas zailtasunak dituztenak ere badaude, baita osasun arrazoi bategatik maskara erabiltzea kaltegarri zaienak ere, baina ondo egiaztatu beharko dute.
Halaber, urritasunen bat dutenek edo dependentzia egoeran daudenek ere ez dute erabili beharko, maskarak berorren erabilera eragozten duen jokabide alterazioa eragiten badie.
Horrez gain, berez maskara erabiltzearekin bateragarriak ez diren ekintzetarako ere ez da jarrita izan beharko, jateko eta edateko esaterako. Azkenik, babesa erabiltzetik salbuetsita egongo dira ezinbesteko arrazoiak edo beharrizan gorria aipatzen dituztenak.
Igorpena gelditu
Espainiako Exekutiboak azaldu duenez, COVID-19a ez zabaltzeko, herritar gehienek maskara erabili beharko dute, ez bakarrik “kutsakortasun maila altua”, ezpada “maskarek tanta infektatuak gelditzeko ahalmena erakutsi izana oso garrantzitsua baita segurtasun tartea gorde ezin denean”.
Hala, garraio publikoetan ez ezik, orain espazio itxietan eta bide publikoan ere erabili beharko dira musukoak nahitaez, besteekin gutxienez bi metroko segurtasun tartea gorde ezin denean.