KORONABIRUSA
Getxok bertan behera utzi ditu jaiak irailera arte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erabaki horrek bertan behera uzten ditu San Isidro, Zubilleta, San Juan, Santa Ana, San Inazio, Erromo eta Portu Zaharreko jaiak, baita Paellen Nazioarteko Lehiaketa ere.
Getxoko Udalak (Bizkaia) eta herriko hainbat auzotako jai batzordeek irailera arte festen ospakizuna bertan behera uztea erabaki dute, eta sareen bidez jarduerak antolatzea bultzatuko dute, gizarte ehuna suspertzen laguntzeko.
Udalak jakitera eman duenez, erabaki hori hartzeko covid-19aren pandemiak EAEn izandako ondorioak ebaluatu dituzte, baita espazio publikoetan edukiera mugatzearekin lotutako osasun publikoko irizpideak ere, aire zabaleko jarduerak eta ekitaldi jendetsuak egin ahal izateko, urruntze soziala bermatzeko neurriez gain.
Erabaki horrek bertan behera uzten ditu San Isidro jaiak (irailaren bigarren astera atzeratuak), Zubilleta, San Juan, Santa Ana, San Inazio, Erromo eta Portu Zaharreko jaiak, baita Paellen Nazioarteko Lehiaketa ere. Uztailean zehar, egoera ebaluatuko dute Las Mercedes eta San Martin jaiak "osasun berme guztiekin" aurrera eramatea posible izango den ala ez erabakitzeko.
Hainbat batzordek "herritarren animoari eusteko eta gizarte-ehuna berpizteko" egindako eskaerei erantzunez, udalak aurrekontuaren % 15 bideratuko du kultura-intereseko jaiak eta ekitaldiak antolatzeko diru-laguntzara, eraginpeko jaiegunetako batzordeek hainbat jarduera egin ahal izan ditzaten "higiene- eta osasun-berme guztiekin".
Ekimen horren barruan sartzen dira streaming bidez ikuskizunak ematea, online lehiaketak antolatzea, merchandisinga diseinatzea eta ekoiztea, eta sare sozialen bidez jaiak sozializatzeko oroitzapenezko bideo bat egitea. Gainerako aurrekontua herriko kultur sektorea suspertzeko erabiliko da.
Egoera horren aurrean, Udalak bere esker ona adierazi du Getxoko jai batzordeen laguntzagatik eta "pertsonen osasunarekin erakutsitako ardura eta zuhurtzia sena"gatik, baita herriko kultur sektorearekin ere.