Koronabirusa
Egonaldi laburrak, eta edukiera-kontrola: horrela joango gara hondartzara udaran
Agentziak | Erredakzioa
Osasun Sailak gida bat argitaratu du, hondartzak nola erabili gomendatzea helburu; bertan, herritarrei eskatzen zaie "paper aktibo eta arduratsu" izan dezatela, COVID-19ari aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hondartzetako erabileraren gaineko gida bat argitaratu du, hainbat gomendio eta aholkurekin; bertan, herritarrei eskatzen zaie "paper aktibo eta arduratsu" izan dezatela, COVID-19 gaitzaren kutsadurak saihesteko. Egindako gomendioen artean, besteak beste, hauek daude: hondartzan gehienez bi-hiru ordu ematea, eta edukiera kontrolatzeko aukera.
Osasun Sailak ohartarazi duenez, uda honetan, kontuan izanik hainbat eta hainbat ekitaldi eta ospakizun bertan behera geratu direla, ziur aski hondartzak izango dira herritar gehien bilduko dituzten aisialdi-lekuak.
Gogora ekarri duenez, koronabirusa, hondartzetan, ibaietan, aintziretan eta igerilekuetan, bereziki arnasketa-jariaketen bidez kutsatzen da. Jariaketa horiek eztularekin, doministikuekin eta pertsonen arteko kontaktuarekin sortzen dira.
Urarekin kontaktuagatik eragindako infekzioa egoteko aukera "oso txikia" dela uste bada ere, dibertimenduzko jarduerek, batzuetan, ekartzen dute gizarte-urruntzeko neurriak ez errespetatzea, gidaren esanetan. Hori bai, itsasoan gatza egoteak baliteke COVID-19aren karga birikoak behera egitea eta hori indargabetzea.
Ur gezetan eta tratatu gabeko uretan, hau da, ibaietan, aintziretan eta putzuetan, birusaren biziraupena itsasoan baino luzeagoa izan liteke; beraz, jendetzak egotea saihestu behar da.
Birusak hondarrean duen prebalentziaren gaineko ikerketarik ez dagoen arren, eguzkiaren erradiazio ultramorea eta tenperatura altua mesedegarriak dira, "eragile patogenoak indargabetzeko".
Hondakin-urei dagokienez, gidak gogorarazten du birusa gorozkien bidez iraizten dela, "baina ebidentzia txikia dago infektatzeko haren gaitasunaz".
COVID-19aren bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonek (alegia, sukarra, eztula edo arnasketa-arazoak), ezin dute hondartzetara joan, gidak gogora ekarri duenez.
Gehienez, bi-hiru ordu
Gomendatzen da egonaldiak laburragoak izan daitezela, gehienez bi-hiru ordukoak; horrela, jendetzak murriztu ahalko dira, eta lekua partekatzeko aukera izango da.
Hondartzan edo bainu-gunean, etxe berean bizitzen ez diren pertsonekin, gutxienez bi metroko tarteari eutsi beharko zaio, uretan zein uretatik kanpo.
Aholkua da eskuak sarri garbitzea, eta begiak, sudurra eta ahoa ukitzea saihestea. Eztul edo doministiku egitean, behin erabiltzeko zapi bat erabiliz edo ukondoaren barnealdea aurrean jarriz estaltzea gomendatzen da.
Gidan eskatzen da toallak ez partekatzea, eta etxean garbitzea, bai eta bainujantziak ere. Halaber, adingabeak zaindu beharko dira, prebentziozko neurriak bete ditzaten.
Edukieraren kontrola
Eskumena duten agintariek aztertuko dituzte, hondartza bakoitzean, ezartzeko moduko neurriak, sarbideak kontuan izanik, sarrerak eta irteerak ordenatzeko.
Bainu-guneetan, aukera egonez gero, edukiera kontrolatzeko sistema bat ezarriko da; erabilera handieneko hondartzetan, egunean zehar, aldizka, betetze-mailaren gaineko informazioa emango dute.
Hondartzetako kudeatzaileek aztertu beharko dituzten balizko neurri horien artean, ordu-tarteak zehazteko aukera ere badago; horien bidez, lehentasuna emango litzaieke adin-talde jakin batzuei, ordu jakin batzuetan.
Itsasgora dagoenean askoz ere txikiagoak diren hondartzetan, gomendioak edo arauak ezarri ahalko dituzte, ordu horietarako.
Taldeka egitekoak diren kirol-jarduerak debekatzeko aukera ere aztertuko dute, ordu jakin batzuetan, eta uretako kirol- eta aisialdi-jarduerak arautuko dituzte.
Bainugeletan eta komunetan beharrezko produktu higienikoak soilik izango dira, eta barrura pertsona bat bakarrik sartu ahal izango da.
Aldageletako dutxak kenduko dituzte, eta ur-iturriak ezingo dira erabili.
Halaber, gomendatzen da hondartzetako zerbitzuek emandako hamakak, toldoak eta itzalkinak ere kentzea.