Itxi

KORONABULOAK

Ez, Italian ez dute aurkitu koronabirusaren sendabiderik

EITB

Leer en Castellano

WhatsAppeko mezu batek era guztietako teoria faltsuak nahasten ditu, hala nola, gaixotasunari konponbidea aurkitu izana, OMEk autopsiak debekatzea edo birusa berez bakterio bat izatea.

Italian aurkitutako ustezko sendabideari buruzko WhatsAppeko buloa. Argazkia: EiTB

Ez da egia mediku italiarrek COVID-19 gaitzari aurre egiteko irtenbidea aurkitu dutenik, WhatsAppen zabaldutako mezu batek hala dioen arren. Hainbat faltsukeria nahasten dituen buloa da. Baieztapen okerren artean, Italian "koronabirusaren sendabidea" aurkitu dutela irakur daiteke, ustez OMEri entzungor egin eta koronabirusak jota hildakoei "autopsiak egin ondoren". Horrez gain, autopsia horiek ustez erakutsi duten beste gauza bat da "heriotzak eragiten dituena ez dela birus baizik eta bakterio bat", odolean koaguluak sortzen dituena.

Asko izan dira mezu horren berri emateko #Koronabuloak ekimenarekin harremanetan jarri diren erabiltzaileak 600 900 454 zenbakian, koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz EiTBk martxan jarritako WhatsAppean, hain zuzen ere.

Honako hau da aipatutako mezua (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

"ÚLTIMA HORA
INTERNACIONAL

ITALIA
EN ITALIA POR FIN SE ENCONTRÓ LA CURA PARA EL CORONAVIRUS.Los médicos italianos, desobedecieron la ley mundial de la salud OMS, de no hacer autopsias en los muertos del Coronavirus y ellos encontraron que NO es un VIRUS sino una BACTERIA la que produce la muerte. Esta hace que se formen coágulos en la sangre y causa la muerte del paciente.

Italia derrota al llamado Covid-19, que no es otra cosa que "Coagulación intravascular diseminada" (Trombosis).

Y la forma como combatirlo o sea su curación, es con los “antibióticos, anti-inflamatorios y anticoagulantes”. ASPIRINA, Lo que indica que se había estado tratando mal a esta enfermedad.
Esta sensacional noticia para el mundo lo han producido médicos italianos al realizar autopsias a cadáveres producto del Covid-19.

Algo más, según patólogos italalianos. "Nunca se necesitaron los ventiladores, ni de la unidad de cuidados intensivos".

Por lo tanto en Italia se inició el cambio de los protocolos, ITALIA SE REVELA Y LEVANTARIA LA LLAMADA pandemia mundial por la OMS, esta curación ya los Chinos lo sabían y no informaron POR HACER NEGOCIO.

Fuente: Ministerio de Salud de ITALIA.
COMPARTIR QUE SE ENTERE TODA ESPAÑA QUE NOS HAN ENGAÑADO Y ASESINADO A NUESTROS MAYORES !!!"

COVID-19ari buruzko buloei aurre egiteko, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen laguntza du (Maldito Bulo atalaren bidez), eta ekimen horrek dagoeneko gezurtatu du mezu horretan adierazten direnen egiazkotasuna.

Zer dakigu mezuan esaten denari buruz?

Hartara, Maldito Bulok aztertutakoaren arabera, azken hilabeteetan zehar Italian egindako ikerketa batek 38 autopsia egin ditu COVID-19ak kutsatutako gaixoen biriketan. Analisi horien emaitzak apirilaren 22an British Medical Journal aldizkari zientifikoan argitaratutako preprint baten bidez eman ziren ezagutzera, eta bertan ez da inon esaten sendabidea aurkitu dutenik. Aitzitik, baieztatzen dena da gaixotasunaren jatorria birus batean datzala eta ez bakteria batean. (Preprint izenarekin ezagutzen dira zientzialariek doako biltegi edo gordailuetan uzten dituzten artikuluak, mundu osoko adituekin partekatzeko. Honela azaldu dute Maldita Ciencia atalean).

OMEk ez ditu autopsiak debekatu

Bestalde, mediku italiarrek proba horiek egiteak ez du urratzen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako inolako oharrik edo "legerik". Izan ere, OMEk berak analisi horietarako beharrezkoak diren kontrolerako neurri teknikoak eta ingurumenekoak plazaratu zituen, martxoaren 24an argitaratutako dokumentu batean.

Horren erakusgarri dira, gainera, Gasteizko Txagorritxu ospitalean egiten ari diren autopsiak. Horiei buruz hitz egin zuen Isabel Guerrak, Arabako ESIko Anatomia Patologikoko Osasun Kudeaketako Unitateko buruak, Radio Euskadiko Boulevard Magacine saioan, maiatzaren 13an. Gerra doktoreak onartu zuen mota horretako autopsiak "arrisku biologiko handikoak" direla; hala ere, esan zuen oso ohituta daudela "Norbera Babesteko Ekipo (NBE) guztiak" jartzera eta "biosegurtasun neurri guztiak" hartzera.

Pneumonia bai, tronbosia ere bai

Bestalde, mezuan aipatzen da COVID-19k eragindako heriotzen arrazoia odolaren koagulazio-arazoak (tronbosia) direla, eta ez, ordea, arnasketa-arazoak (pneumonia). Koronabuloak ekimenean gai hori jorratu genuen aldez aurretik Gorka Orive UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakaslearen eskutik. Orivek La Mecánica del Caracol zientzia-dibulgazioko programari eskainitako elkarrizketan adierazitakoaren arabera, COVID-19 gaitza "zalantzarik gabe, arnasketa-arazoa da; baina, halaber, ehuneko nabarmenean (% 15-20an), beste alterazio-mota batzuk ere agertzen dira, bihotz-alterazioak kasu, baita tronboekin, koagulazio-arazoekin edo enboliekin lotzen direnak ere.

Hala azaldu zuen Sergio Harari Milango San Giuseppe Ospitaleko Neumologia Unitate Operatiboko zuzendariak ere Corriere della sera egunkari italiarrari eskainitako elkarrizketa batean. Hararik esanetan, zenbait gaixok nahasmendu tronboenbolikoak izan arren, "heriotza gehienak pneumonia interstizialak eta arnas gutxiegitasunak eragindakoak dira".

Zentzu berean mintzo da Maldita Ciencia atarian Pepe Alcamí Carlos III Osasun Institutuko birologo eta immunologoarentzat. Bere ustez, "gaixotasun oker baten aurrean gaudela esatea zentzugabea da" eta arnasgailuek biziak salbatzen dituztela gogorarazi du. Ondorioz, ez da egia, mezuak dioen legez, ez dela "arnasgailurik behar izan".

Konspirazio-teoriak

Aztertutakoa baino luzeagoa den bertsio bat ere zabaldu da WhatsAppen bidez. Bertan, aipatutako gaiez gain, konspirazio-teoria sinesgaitz bat ere gaineratzen da: "Jendarteari txertoa eta txipa jarri nahi dizkiote erailtzeko, masak kontrolatzeko, eta munduko populazioa murrizteko azken helburuarekin".

Bulo beraren bertsio luzeagoa:

WhatsAppetik zehar dabilen Italiari buruzko buloaren bertsio luzearen irudia. Argazkia: EITB

Maldita.es webgunearekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzentzen eta aurkezten duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoarekin lankidetzan aritzeaz gain, #Koronabuloak ekimenak VOST Euskadiren laguntza ere badu koronabirusaren inguruko albiste faltsuei aurre egiteko helburuan.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Albisteak (4)