Itxi

KORONABIRUSA

Hegoaldean ez da inor hil COVID-19agatik, osasun krisia hasi zenetik lehen aldiz

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bederatzi positibo berri izan dira EAEn (bi Araban, zazpi Bizkaian eta bat ere ez Gipuzkoan) eta 14 Nafarroan. Espainian, 70 lagun hil dira eta 246 kutsatu berri atzeman dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik lehen aldiz, ez da inor hil COVID-19 gaitzak jota Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1.494 pertsona hil dira guztira. Bestetik, 9 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak igande honetan emandako datuen arabera (bezperako 24:00ak arte bildutakoak).

Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 2.074 detekzio-proba egin zituzten atzo: 1.914 PCR (une honetan birusa aktibo duzun adierazten du) eta 160 test azkar (igarotako infekzioa adierazten du).

Azken orduetan, 9 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez eta 10 test azkarren bidez. Guztira, 19.386 pertsonari atzeman diote birusa pandemia hasi zenetik.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban 2 pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3.000 guztira), Bizkaian 7 kasu atzeman dituzte (7.574 guztira) eta Gipuzkoan 0 (2.313 guztira).

Arabako positibo berriak Gasteizen atzeman dituzte: 2. Bizkaian: 5 Bilbon, 1 Amorebieta-Etxanon, 1 Lekeition.

Pandemia hasi zenetik, gainera, EAEn bizi ez diren pertsonengan 589 kasu positibo atzeman dira bertan (0 azken orduetan).

Atzemandako 19 386 kasuetatik % 89,7 sendatu egin dira edo alta eman diete (17 394), % 2,6k gaixo jarraitzen du (498) eta % 7,7a (1.494) hil egin da.

Gaur egun 33 pertsona daude ZIUn.

EAEko RO indizea 0,66koa da.

Nafarroan ere ez da inor hil COVID-19a dela eta azken 24 orduetan. Beraz, hildakoen kopuru orokorrak bere horretan jarraitzen du: 509.

Kutsatu berriak bai, atzeman dituzte: 14 kasu berri PCR probetan (5.219 positibo atzeman dituzte pandemia hasi zenetik PCR bidez. Horiei test azkarren bidez atzemandako beste 3.500 baino kasu gehiago erantsi behar zaizkie, 4 atzokoan.

Atzoko 24:0etan 77 pertsona zeuden ospitaleratuta Nafarroan (bezperan baino 3 gutxiago): 62 plantan, 12 ZIUetan eta 3 etxeko ospitaleratzearekin.

64 osasun langile daude gaur egun kutsatuta (bezperan baino 4 gutxiago).

70 pertsona hil dira COVID-19rekin Espainian

Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 70 pertsona hil dira Estatu osoan azken 24 orduetan koronabirusarekin. Aurreko eguneko 48ko zifrarekin alderatuta, igoera da, baina 100eko langatik behera jarraitzen du kopuruak zortzigarren egunez jarraian.

Bestalde, 246 kasu berri atzeman dira PCR probetan.

Katalunian izan dira hildako gehien (31) eta Madrilen ondoren (21).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (6)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)