Deseskalatzea
Nafarroak ibaietan bainatzea eta mendian kirola ordutegirik gabe egitea baimenduko du
eitb.eus
Foru arauaren arabera, taldean egiteko kirola baimenduta egongo da, gehienez 15 pertsona bilduta, eta beti ere horien arteko distantzia eta higiene neurriak gordeta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehen honetatik aurrera, ibaietan eta erreketan bainatzea eta mendiko kirola ordutegirik gabe Nafarroa osoan egitea baimendu du Nafarroako Osasun sailburuak argitaratutako foru-arauak. "Normaltasun berrirako trantsizio plana"ren 2 fasean sartuko da bihar Nafarroa.
Foru-araua prestatzeko, eredu gisa hartu dute hondartzetan hartutako araudia, kasu honetan, ur ertzean zein uretan, bi metroko distantzia mantendu beharko da.
Kirolari egiteko ordutegi askatasunari dagokioez, mendi martxan edota txirrindularitzan aritzeko, adibidez, ez da ordutegirik izango, eta kirolariak Nafarroa osoan ibili ahalko dira, arazo barik.
Hori bai, kirol hauek taldean egin behar badira, foru arauak gehienez 15 pertsona biltzea utziko du, beti ere horien arteko distantzia eta higiene neurriak gordeta.
Foru-arau horretan jasota dago etxabeetan eta elkarte gastronomikoetan jarduerak egiteko debekua, kultura-ekitaldietan 200 pertsona gehienez jota bildu ahal direla, eta Espainiako Gobernuak hondartzen inguruan zehaztutako araudia Nafarroak ibaietan, urtegietan eta horrelakoetan aplikatuko duela.
Amaitzeko, "erantzukizunez aritzeko" eskatu die herritarrei Nafarroako Osasun Sailak, "orain arte gehiengoak erakutsi duen bezala".