Koronabirusa
Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ekainaren 1ean itzuliko dira gelara Nafarroan
Agentziak | Erredakzioa
Carlos Gimeno kontseilariak sinatutako foru aginduak ziurtagiriak eskuratzeko zein ziklo eta ikasketetara sarbidea izateko aurrez aurreko azterketak egitea ere baimendu du.
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak 48/2020 Foru Agindua sinatu du gaur, 2019-2020 ikasturte honen amaierarako unibertsitatez kanpoko hezkuntza-esparruan aurrez aurreko jarduera batzuk egitea eta horiei berriro ekiteko neurriak malgutzea jasotzen dituena.
Hezkuntzak ekainaren 1etik aurrera Batxilergoko bigarren mailan zuzeneko irakaskuntzari ekiteko baimena eman du.
Ikastetxe publikoen kasuan, jarduera horiei berriro ekiteko behar diren langileak 2020ko ekainaren 1etik aurrera hasiko dira lanean, zuzendaritza-taldeek erabakitzen duten antolaketaren arabera, hezkuntza-arreta presentziala eta, hala badagokio, urrunekoa bermatzeko.
Gainerako irakasleek urrutiko arreta emango diete ikasleei, eta ikastetxera noizbehinka joango dira, zuzendaritza-taldeak zehazten dituen lanak egitera.
Halaber, foru aginduak baimena ematen du ekainaren 1etik aurrera aurrez aurreko probak egiteko Hizkuntza Eskola Ofizialen ziurtagiri ofiziala lortzeko, bai helduen ikastetxeetan eta Zubiarte Euskaltegian ziurtapen probak egiteko, zein honako proba hauek egiteko ere:
Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzako zikloetan sartzeko probak
Musikako goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko probak
Diseinuko goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko probak
Goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko heldutasun-probak
Musikako Kontserbatorio Profesionaletan sartzeko probak
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko azterketak
Proba horiek egiteko egunak eta horien antolaketa Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko ditu, gaiarekin zerikusia duten ikastetxeekin eta Hezkuntzako Lan Arriskuen Prebentziorako Atalarekin batera.
Batxilergoko bigarren mailako irakaskuntza-jarduera presentzialei berriz ekitean eta aurreko paragrafoan aurreikusitako probak egitean, Osasun Ministerioak eta/edo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak ematen dituzten ikastetxeak partzialki berriro irekitzeko prozesuan COVID-19aren aurkako prebentzio- eta higiene-neurriak aplikatuko dira. Nolanahi ere, zuzendaritza taldeek osasun agintariek eta Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak ezarritako prebentzio neurriak betetzen direla zainduko dute. Neurri horiek ikastetxeetako langile guztiei jakinaraziko zaizkie.