Koronabirusa
Hiru orduko gehienezko egonaldiak eta kirola debekatuta, Bizkaiko hondartzetan
Agentziak | Erredakzioa
Hondartzen denboraldi berria ekainaren 15ean hasiko da, ordutegia 11:00etatik 20:00etara artekoa izango da eta hondartzen betetze maila bandera bidez adieraziko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta hondartza duten lurralde horretako udalerriek jarraibide orokor bat onartu dute bertako plaietarako: hiru ordutik beherako egonaldiak egitea aholkatu, kirola egitea debekatu eta hondartza nahiko beteta dagoela adieraziko duen bandera laranja bat aurkeztu dute.
Gaur, asteartearekin, bi aldeek adostu dutenez, ekainaren 15ean hasiko da hondartzen denboraldi ofiziala, eta hondartzek ohiko ordutegia izango dute, 11:00etatik 20:00etara artekoa.
Ordutegi horretan, hondartzetan ezingo da kirolik (palak, boleibola…) egin, osasun agintariek ezarritako segurtasun tartea gordetzen dela bermatze aldera. Hain zuzen ere, osasun agintari horiexek zehaztuko dute zenbateko taldeetan sartu ahalko den hondartzetara.
Hitzartutako irizpide zerrendan, hiru orduko gehienezko egonaldia aholkatzen dute, ahalik eta jende gehienak goza ahal dezan espazioan.
Halaber, behar-beharrezkoa izan ezean, eguzkitakorik, aulkirik eta koltxonetarik ez eramateko eskatu dute, espazio gutxiago hartu eta erabiltzaile gehiago sartzea ahalbidetzeko.
Jendearen joan-etorria erregulatzeko, hondartzain eta sorosleek okupazioa neurtuko dute eta hiru koloretako banderekin adieraziko dute unean uneko betetze maila: berdea, laranja eta gorria.
Asmoa da laranja koloreko bandera ikusten dutenek jakitea hondartza betetzen ari dela eta modu mailakatuan hustea.
Hiru bide egongo dira okupazio maila ezagutzeko: hondartzan bertan, megafoniaren bitartez; Aldundiak hondartzen berri emateko duen webgunean; eta BizkaiUp Aldundiak koronabirusaren aurka hartutako neurrien berri emateko abiatutako aplikazioa.
Hondartzain eta sorosleak udalekin harremanetan egongo dira, eta hondartzak betetzen direnean Udaltzaingo eta Ertzaintzari emango diote horren berri, beroriek baitira arauak betearaztearen arduradunak.