Koronabirusa
Neurriak hartu dituzte Bizkaiko hondartzetan, jendetzak saihesteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat hondartzatan, ezingo da eguzkia hartu "modu estatiko eta jarraituan", sartzea mugatuta izango da, eta kirola egitea debekatuta izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bizkaiko hainbat hondartzak jakinarazi dituzte zein neurri abiatuko dituzten jendetzak saihesteko, eta, hala, COVID-19 gaitzaren kutsatzerik ez izateko. Hala, hainbatetan, ezingo da eguzkia hartu "modu estatiko eta jarraituan", sartzea mugatuta izango da, eta kirola egitea debekatuta izango da.
Muskizeko eta Zierbenako Udalek adostu dute ostiral honetatik ekaineko 15era arte debekatuta izango dela "eguzkia modu jarraituan eta estatikoan hartu" Arena hondartzan; hortaz, soilik paseatzeko, jolas-bainuak hartzeko, eta banakako ur-kirolak egiteko erabili ahalko da. Denboraldia ekainaren 15ean hasiko da, ofizialki.
Laidan, Lagan eta Ean ere izango da debekatuta eguzkitan etzanda egotea "modu estatiko eta jarraituan" ondorengo bi asteburuetan, jendetzarik saihesteko eta txandakako erabileraren alde egiteko, Ibarrangeluko eta Eako Udalek jakitera ean dutenez. Herritarrek, hortaz, paseatzeko, bainu bat hartzeko, umeekin jolasteko edo txosnetan edariren bat hartzeko egon ahalko dira hondartzan, bai eta "hamar minutuz" etzanda egoteko, uretan egon ostean, lehortzeko.
Ibarrangelun eta Ean ez dago Udaltzaingorik; beraz, Ertzaintzak kontrolatuko du neurri hauek betetzen ote diren.
Ekainaren 15era arte, hondartza horietan ez da izango garbiketa-zerbitzurik, ezta desinfekzio bereziko zerbitzurik edo soroslerik ere; egun horretatik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko kostaldeko hogei udalerrik adostutako irizpide komunak ezarriko dituzte. Nolanahi ere, nahiz eta "hondartza dinamikoaren" kontzeptua, hasiera batean, ekainaren 15era arte erabiliko den, baliteke hortik aurrera ere "gomendioa" izatea.
Sopelan, Udalak erabaki du partzialki itxiko duela Barinatxe eta Arriatera hondartzetarako sarbide-aparkalekua; Atxabiribileko sarbide-aparkaleua, aldiz, guztiz itxita izango da. Beraz, debekatuta izango da gune horietan zirkulatzea edo aparkatzea. Neurria ostiral honetan sartuko da indarrean, eta bestelakoa abisatu arte jarraituko du horrela.
Asteko ordu edo egun batzuetan, osasun-alertaren bilakaerak eta hondartzetako edukierek baimenduta, baliteke partzialki edo guztiz irekitzea, Udalaren esanetan.
Alkatetzaren dekretuak, halaber, zehazten du debekatuta izango direla hondartzan banakako kirola eta talde-kirola, 11:00etatik 20:00etara arte; halaber, gomendioa da erabiltzaileek gehienez hiru ordu ematea bertan, eta ez erabiltzea itzalkinik, aulkirik, hamakarik, koltxonetarik edo antzekorik, erabat beharrezkoa ez bada.
Getxon ere kontrolatuko du Udalak udalerriko hondartzetarako sartzea, herritarren segurtasuna ahalbidetzen duen edukiera ez gainditzea helburu.
Hesiak eta seinaleak jarriko dituzte Areeta, Ereaga, Arrigunaga eta Gorrondatxe hondartzetako oinezkoentzako sarbideentzat, sarrerak eta bideetan noranzkoak arautzeko.
Seinaleek adieraziko dute hondartzetara sartzeko eta bertatik irteteko bideak zeintzuk diren; noizbait ikusiko balitz segurtasuneko gehienezko edukiera gainditzeko arriskua dagoela, sarbidea itxiko dute. Udaltzaingoa arduratuko da arauak betetzen direla zaintzeaz.
Ereaga hondartzara ibilgailuz joateko, ostiraletik igandera itxita egongo da Punta Begoñatik, 11:30etik 13:30era arte, eta 15:00etatik 20:00etara arte; horrela, ez dira ibilgailu asko pilatuko.
Baimendutako autoek soilik izango dute aukera igarotzeko (bertakoek eta hoteletako bezeroek), eta eguerdian zabalik egongo da, ostalaritza-establezimenduetarako sartzea errazte aldera.
Halaber, Punta Begoñako eta Igeretxe/Txomintxuko biribilguneen arteko bueltako erreia itxita izango da; hala, oinezkoek leku zabalagoa izango dute (Ereagako Jaitsieratik izango dute irteera).
Baliteke ezarritako neurriak aldatzea, egunaren arabera, baina helburua beti izango da bera: herritarren Osasuna zaintzea. Halaber, aukera dago neurriak moldatzeko ondorengo asteburuetan, lortutako emaitzak eta eguraldi-iragarpenak aztertuta.
Kirol-jarduerak ez dira baimenduta izango (palak, futbola, boleibola) harean, osasun-agintariek agindutako segurtasun-tartea bermatu ahal izateko; gomendatzen da gehienez hiru ordu ematea, hondartza ahalik eta herritar gehienek erabili ahal izan dezaten; eta aholkua da ez eramatea itzalkinik edo aulkirik, eta betetzearen gaineko jarraibideak zaintzea.
Taldeak gehienez 15 pertsonakoak izango dira; etxe berean bizi ez direnek maskara eraman beharko dute, edo segurtasun-tartea zaindu. Sarbideetan, eta pasabideetan, segurtasun-tarteari ezin bazaio eutsi, maskara aldean eraman beharko da.
Gomendatzen dute oinez, bizikletaz edo patinetez joatea, ibilgailu pribatua alde batera utzita.
Ondarroako Udalak, asteburuetan, itsasgora dagoenean, debekatuko izango du eguzkia hartzea Arrigorri hondartzan, eta hondarrean kirola egitea.
Astelehenetik ostiralera, erabiltzaileek normaltasunez gozatu ahal izango dute hondartzaz, jende gutxiago egoten baita, eta, ondorioz, jendetzak sortzeko arriskua txikiagoa delako. Larunbatetan eta igandetan, baina, itsasgorarekin, soilik paseatzeko, umeekin jolasteko, bainatzeko, eta, bainua hartuta, hamabost minutuz eguzkitan etzanda lehortzeko izango da baimenduta hondartzara joatea.
Murriztapenak ekainaren 15era arte izango dira indarrean; itsasoa gora egiten hasi baino hamabost minutu lehenago sartuko dira indarrean, eta itsasgoratik hamabost minutu pasatu arte ez dira bertan behera geldituko.
Halaber, Arrigorri hondartzan, dutxetan eta iturrietan ez da urik egongo, kutsatzeak ekiditeko, Udalak hala erabakita. Neurria uztailaren 1era arte izango da indarrean.
Gorlizen, Udalak debekatuta izango du kirolik egitea hondartzan, 10:00etatik 22:00etara, baina eguzkia hartzea utziko du. Edukiera kontrolatuko dute, hareatzarako eta pinudirako sartzea mugatzeko.
Gainera, Udalak jakinarazi du ahalmena izango duela ixteko, guztiz edo partzialki, hondartzaren inguruan dauden aparkalekuak, "komenigarria dela uste denean, erabiltzaileentzako arrisku-egoera izateagatik".
Hondartza eta pinudia ere guztiz edo partzialki hustea agintzeko eskumena izango du, jendetza eta arriskurik egotekotan. Gomendioa da hondartzan ez ematea hiru ordu baino gehiago, eta ez eramatea itzalkinik, hamakarik edo aulkirik.
Hondartzan jende gehiegi ez egoteko eta jendetzarik ez sortzeko, Gorlizko Udalak polizia-laguntzaileak baliatuko ditu.
Ondoan, Plentzian, Udalak, larunbat honetatik aurrera, bakarrik baimenduko du hondartza erabiltzea bainuak hartu eta paseatzeko. Beraz, ohiko gainerako jarduerak, hala nola jolastea, kirola egitea edo eguzkia hartzea, debekatuta izango dira.
Kirola egiteko eta banakako edo taldekako jolasetan ibiltzeko debekua 11:00etan hasiko da, eta 20:00etan amaitu.
Dekretu baten bidez, Udalak zehaztu du beharrezkoa dela hondartzaren "erabilera dinamikoa" egitea; hau da, gomendatu dute gehienez hiru ordu ematea, betetze-maila altua izan ez dadin. Halaber, debekatuta dago hondarrera koltxonetak, hamakak, itzalkinak edo antzeko elementuak eramatea, erabat beharrezkoa ez bada, eta eskatu diete herritarrei segurtasun- eta garbitasun-neurriak zaintzeko, koronabirusaren kutsatzeak saihesteko.
Plentzian, horrez gain, ezingo da sartu kai-muturrean eta itsasadarraren bokaleko gunean, eta debekatuta izango da itsasadarrean bainua hartzea. Udalak eskumena izango du hondartzarako sartzea mugatzeko, edo hondartza husteko, betetze-maila arriskutsua izanez gero.
Barrikan, Udalak erabaki du Muriola hondartzarako sartzea mugatuta izangodela, herritarren segurtasuna zaintzeko.
Hala, segurtasun-agenteek edo datuek hala adierazita, hondartza hutsu ahal izango dute, edo sartzea mugatuko da. Hori guztia, jende asko ez pilatzeko.
Banakako eta taldeko kirola debekatuta izango da, 10:00etatik 20:00etara arte, eta hondartzan gehienez hiru ordu eman ahalko dira. Udalak gomendatu du ez eramatea itzalkinik, aulkirik, hamakarik, koltxonetarik edo antzekorik, "erabat beharrezkoa ez bada".
Bakion, Udalak, banakako ardurarako eta segurtasun-tarteak betetzeko deia egin du; ohartarazi duenez, egungo baliabideak erabiliz egoera kontrolpean izatea ez badu lortzen, erabaki zorrotzak hartuko lituzke, eta hondartza itxiko luke.
Surf taldeak, gainera, adierazi dio Udalari "laster gogorrak eta arriskutsuak" daudela hondartza osoan, egungo baldintzengatik, batez ere itsasbeheran.
Sorospen-zerbitzua ez da eskuragarri izango ekainaren 15era arte; beraz, arreta muturrera eramatea gomendatu dute, eta eskatu du bainurik ez hartzeko olaturik egotekotan.
Lekeition, Udalak ez du baimenduko herritarrek eguzkia hartzea Isuntza hondartzan, ekainaren 15ean denboraldi ofiziala hasi arte. Beraz, bakarrik jolas-bainua, paseoak, banakako kirola eta ur-kirolak egitea bakarrik izango dira baimenduta.
Halaber, Udalak gomendatu du hondartzan ez ematea hiru ordu baino gehiago, eta ez eramatea itzalkinik, aulkirik, hamakarik edo koltxonetarik, beharrezkoa ez bada.
Udaltzaingoa arduratuko da arauak betetzeaz, eta, horiek urratuz gero, egokitzat ematen dituen neurriak hartu ahalko ditu.
Semaforo-sistema, edukiera kontrolpean izateko
Denboraldian zehar, hondartzainek eta sorosleek semaforo-sistema bat baliatuz neurtuko dute Bizkaiko hondartzetako betetze-maila, edukiera arautzeko; herritarrei megafonia erabiliz, hondartzetako web orriaren bidez edo BizkaiUp aplikazioaren bitartez emango diete informazioa.
Hiru betetze-maila izango dira: berdea, horia eta gorria. Berdean, betetze-maila ezin hobea da; horian, hondartza nahiko beteta egoten hasi da; eta gorrian, gehienezko mailan dago.
Gomendioa da gehienez hiru ordu ematea, jende gehiagok gozatu ahal izateko, eta betetze-maila altua izatekotan bandera horia jarriko dute, abisatzeko.
Hondartzak ohiko ordutegian izango dira zabalik, hau da, 11:00etatik 20:00etara arte. Ezingo da kirolik egin (palak eta boleibola ere debekatuta izango dira), segurtasun-tartea zainduta dagoela bermatzeko.
Itzalkinik, aulkirik eta koltxonetarik ez eramatea da aholkua, erabat beharrezkoa ez balitz, leku txikiagoa betetzeko eta erabiltzaile gehiago sartu ahal izan daitezen.
Denboraldiko lehen zatian, aurreneko bi asteetan, dutxak, iturriak eta oinak garbitzeko iturriak zigilatuta izango dira. Egun horretatik aurrera, erabakiko dute erabili ahalko diren ala ez, kontuan izanik osasun-agintariek zer dioten.