Itxi

Koronabirusa

Tabernetan, jatetxeetan eta txokoetan edukiera-mugarik ez egotea proposatu du EAEk

eitb.eus

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak 3 fasera pasatzeko proposamena bidali dio Espainiako Gobernuari.

Jendea kalean. Argazkia: EiTB

Eusko Jaurlaritzak bere proposamena bidali zion astelehenean Espainiako Osasun Ministerioari, EAE osoak deskonfinamenduaren 3 fasera aurrera egin dezan 'Bizi Berri' planaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren ustez, "Euskadik baldintza guztiak betetzen ditu, bai asistentziaren aldetik, bai epidemiologiaren aldetik", eta, horregatik, fasez pasatzea eskatu du, "Euskadiko errealitatetik hurbilago dagoen ezagutza batetik eratorritako berezitasunekin".

Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta Gallartako Meatzaldea Ekoetxean egin den Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritza alde biko lanean ari da 2 fasetik 3 faserako bilakaeran".

Espainiako Estatuak lurralde guztietarako ezarriko dituen behin betiko baldintzak oraindik ezagutzen ez diren arren, Eusko Jaurlaritzak, sail bakoitzak egindako plangintza xehatuaren arabera, proposamen hau helarazi dio Espainiako Gobernuari:

1. Mugikortasuna eta ordu-tarteak

- Mugikortasun mugagabea EAEko lurralde historikoen artean.

- Autonomia erkidego ezberdinetako lurralde eta probintzia mugakideen arteko mugikortasuna, baldin eta fase berean badaude. Dena den, Espainiako Gobernuak erabaki du herritarrak ezingo direla beste erkidego batera joan, 3 fasean.

- Jarduera fisikoa garatzeko adinekoentzako eta ahulentzako lehentasunezko tarteari eustea.

- Mugikortasuna euroeskualdean (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa).

2. Garraioa

% 100eko maiztasunak eta edukierak garraio publikoaren modalitate guztietan, nahitaezko maskararen erabilerarekin eta ausazko tenperatura kontrolak geltoki itxietan.

3. Ostalaritza, Turismoa, elkarteak eta merkataritza

- Saltoki, denda eta merkataritza-guneetako edukiera % 60ra handitzea, eremu komunak eta jolas-espazioak barne.

- Tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak: edukiera-mugarik gabe, 2 metroko distantziarekin barruko eta terrazetako mahaien artean.

- Barrako zerbitzua baimentzen da, gutxienez 2 metroko tartea utzita bezeroen edo bezero-taldeen artean.

- Hotel eta ostatu turistikoak: % 50eko edukiera eremu komunetan

- Natura turismoa eta mendi-ibiliak, gehienez 30 pertsonako taldeentzat.

4. Kultura-jarduerak, kirola eta aisialdia

- Liburutegiak: % 50eko edukiera, maileguak egiteko eta irakurtzeko.

- Zinema, antzoki, hitzaldi-areto eta entzunaretoak: % 50eko edukiera, eserlekuak aurretik hartuta.

- Hitzaldiak eta jardunaldiak leku itxietan: % 50eko edukiera, gehienez 80 pertsona.

- Gune irekietako ekitaldiak eta ikuskizunak: % 50eko edukiera, gehienez ere 1.000 lagun, eserita eta 2 metroko distantziarekin.

- Goi-mailako arrauna eta pilota: entrenamenduen hasiera.

5. Udalekuak

Haur eta gazteei zuzendutako eguneko aisialdiko jarduerak: % 50eko edukiera eta gehienez 80 lagun barneko espazioetan eta % 50eko edukiera eta gehienez 200 pertsona espazio irekietan (monitoreak barne).

Jarduerak gehienez 12 pertsonako taldeetan antolatuko dira, begiraleak barne.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (4)