Itxi

Koronabirusa

Hidroxiklorokinarekin egindako entseguekin berriro hasiko direla iragarri du MOEk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

MOEren hitzetan, saiakuntza horiek COVID-19aren aurkako txertoa topatzeko egiten ari diren ahaleginen barnean daude. Aurreko astean eten egin zituzten, haren segurtasuna zalantzan baitzegoen.

Zientzialari bat, laborategian, lanean. Argazkia: EFE.

Hidroxiklorokinarekin egindako entseguekin berriro hasiko direla iragarri du Munduko Osasun Erakundeak (MOE) asteazken honetan. MOEk zehaztu duenez, saiakuntza horiek COVID-19aren aurkako txertoa topatzeko nazioartean egiten ari diren ahaleginen barnean daude.

MOEren kontrolpean, 35 herrialdetan ari dira egiten entsegu klinikoak, eta aditu-talde batek gainbegiratzen ditu. Aurreko astean, aditu-talde horrek gomendatu zuen, kontuz ibiltzearren, farmako horrekin lotutako saiakuntzak geldiaraztea; izan ere, informazio batek zalantzan jartzen zuen haren segurtasuna.

MOEren zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek esan duenez, "heriotza-tasari buruz eskuragarri ditugun datuak abiapuntu", adituek ondorioztatu dute ez dagoela arrazoirik entseguaren protokoloa aldatzeko: "Zuzendaritza Taldeak gomendioa jaso du, eta entseguaren adar guztiekin aurrera jarraitzea onartu egin du, hidroxiklorokina barne".

MOEren zuzendariak, baina, nabarmendu du Datuen Segurtasun eta Zaintza Batzordeak "gertutik" zaintzen jarraituko duela farmako guztien segurtasuna; orain arte, arestian aipatutako 35 herrialdetan, 3 500 gaixo bildu dituzte, Tedrosek jakinarazi duenez.

Kontinenteei erreparatuta, Amerikan daude COVID-19aren kasurik gehien: "Bereziki, Erdialdeko eta Hego Amerikako egoerak kezkatzen gaitu; izan ere, bertako herrialde askotan bizkortutako epidemiak ari dira sortzen. Halaber, ekialdeko Mediterraneoan, hego-ekialdeko Asian eta Afrikan gero eta kasu gehiago daude, nahiz eta kopurua askoz ere txikiagoa den", ohartarazi du Tedrosek.

MOEko zuzendariak, baina, gogora ekarri du Europan COVID-19ko kasuak behera egiten ari direla; asteartean, izan ere, martxoaren 22tik honako datuak kontuan izanik, kasu-kopururik txikienaren berri eman zuten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (4)