Koronabirusa
Euskotrenek ekainaren 8ra aurreratu du tren, metro eta tranbien udako ordutegia
agentziak | erredakzioa
Tren zerbitzua indartuko du uda garaian, hondartzak dituzten kostako herrietara joatea errazteko.
Euskotrenek iragarri du ekainaren 8ra aurreratuko duela udako ordutegia tren, metro eta tranbia linea guztietan, eta baita Galdakaoko Ospitalera joateko autobus anezkan ere.
Eusko Jaurlaritzaren mendeko elkarte publikoak jakinarazi duenez, tren zerbitzua indartuko du uda garaian, hondartzak dituzten kostako herrietara joatea errazteko.
Euskotrenen arabera, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko erabaki du udako zerbitzua aurreratzea, erabiltzaileen mugikortasun beharrei modu eraginkorragoan erantzute aldera.
Aurreikusitako neurrien artean, Debabarrenako trenen eskaintza indartzea dago, Debako hondartzarako garraioa errazteko, eta asteburuan Urdaibaira (Bilbo-Bermeo) joateko trenen maiztasuna, Kostaldea (Donostia-Zumaia) zerbitzukoa eta Donostiako Topoarena (Irun/Amara eta Altza/Amara) areagotuko dute.
Galdakaoko Ospitaleko autobus anezkari ere eragingo dio neurriak, autobusen zerbitzua trenen ordutegi berrira egokituko baitute.
Gainera, bihartik aurrera, asteburuko zerbitzua % 100ean eskainiko da, baina COVID-19agatik ezarritako bi aparteko neurriri eutsiko diete: ez da gaueko zerbitzurik emango, eta Topoaren Hendaiako geltokiak itxita jarraituko du.
Tranbien kasuan, hau izango da Gasteizen unibertsitatera joateko zerbitzua ere martxan egongo den lehen uda, eta ohiko maiztasunari eutsiko diote.
Bilbon, astelehenetik aurrera tranbiak egongo dira 15 minutuan behin, bai lan egunetan, bai jai egunetan.