Ndiaye eta Floyd kasuak
Elkarretaratze batek "egiturazko arrazakeria" salatu du Iruñean
Agentzia | Erredakzioa
"Etenik ez duen arrazakeria da, jasanezina, onartezina, eta haren aurrean amorruz eta haserre altxatuko gara", oihu egin dute mila pertsona baino gehiagok Arrotxapea auzoan.
Mila pertsona baino gehiagok elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Iruñeko Arrotxapea auzoan, George Floyden hilketa salatzeko. Estatubatuarra maiatzean hil zuten Minneapolisen. “Erakunde eta egiturazko arrazakeria” deitoratu dute manifestariek.
Africa Unida, Flor de Africa, EH 11Kolore, Karabana Mugak Zabaldu, Papeles y Derechos Denontzat, Iruñea Ciudad de Acogida eta SOS Racismo Nafarroak deitu dute protesta. Manifestu bat irakurri dute: “etenik ez duen arrazakeria da, jasanezina, onartezina, eta haren aurrean amorruz eta haserre altxatuko gara”.
Floyden heriotzari dagokionez, “bere gorputz bortxatuaren irudia, lurzoruan etzanda laguntza eske, milaka pertsonen gorputz eta bizitza bortxatuen irudia da, kategoriatan banaturik jarraitzen dute, zapalkuntza eta supremazismoa justifikatzen jarraitzeko sistemaren bazterretara bultzatuak”, kritikatu dute.
Pertsonak lurrean etzanda, Iruñean. Argazkia: EFE
Irudiok “beste atxiloketa baten irudiak gogora ekarri dizkigute”, gogorarazi dute. Elhadji Ndiaye senegaldarra polizia-etxean hil zen Arrotxapean atxilotu ostean. Ondoren “sistemaren isiltasun ankerra nagusitu zen; isilik, konplize eta biktima, eskubiderik gabe, nahi gaituzte”, erantsi dutenez.
“Sistema horrek, erakundeek ordezkatuta, etiketak jartzen, kategorizatzen eta zatitzen jarraitzen gaitu, gure eskubideak jatorriak, generoak eta arrazak baldintzatzen dituzte, araudien mugak eta bazterkeria probatzeko espazioak sortuz”, deitoratu dutenez.
Gutxi arte, “pandemia bat kontrolatzeko mugikortasunari mugak jarri dizkiote kaleetan”, eta “pertsona migratzaileen mugikortasuna eta askatasuna urte osoan mugaturik daudela gogoratzea ezinbestekoa da orain”, nabarmendu dute.
Zentzu horretan, “erakundeen arrazakeriaren bidez” mugikortasuna mugatzen zaie, “Atzerri Legearen eta nekropolitikaren bidez, oinarrizko eskubideak bereganatzeko oztopoen bitartez, nortasun kontrol arrazisten bidez, askotan bortxazko atxiloketa, kanporatze edo heriotzen atari”.
Minneapolisen gertatu denak “arrazakeriaren aurkako borroka premiazkoa eta ezinbestekoa dela gogorarazten digu; erresistentzia eta elkar laguntzeko sareen beharra, sare anitz eta sendoak, amorrua antolatzeko eta aukerak eraikitzeko”.
Azkenik, “egiturazko arrazakeriaren, kolonialismoaren, mundu ordena boterearen hierarkizazioan oinarritzen jarraitu nahi duen supremazismoaren aurka altxatu diren pertsona guztiekin egin du bat gure oihuak gaur”, esan dute manifestuan.
Manifestari bat Iruñeko elkarretaratzean. Argazkia: EFE