Itxi

Mobilizazioak

Arrazakeria "instituzionala eta soziala" salatu dute EAEko hiru hiriburuetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Elkarretaratzeak CNAAEk deitu ditu. Bilbon eta Gasteizen 11:00 abiatu dira protestak, eta ordubete geroago Donostian.

Manifestariak belauniko Donostian. Argazkia: EFE

Milaka pertsonak arrazakeria "instituzionala eta soziala" salatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Era berean, George Floyd estatubatuarra gogora ekarri dute.

Elkarretaratzeak CNAAEk deitu ditu. Afrikako komunitate beltza eta afrikar jatorriko ondorengoak biltzen ditu elkarteak. Bilbon eta Gasteizen 11:00 abiatu dira protestak, eta ordubete geroago Donostian.

Bizkaiko hiriburuan, ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Justizia Jauregiaren aurrean, Albia lorategian, 'Arrazakeriak Euskadin ere hiltzen eta baztertzen du. Zure isiltasuna konplizea da' lelopean.

Era berean, mugetako berehalako kanporatzeen, Poliziaren eta atzerri legearen aurkako kartelak erakutsi dituzte manifestariek. 'Black lives matter', 'arrazakeria pandemia da' edo 'paperak guztientzat' aldarrikatu dute. Protestaren une batean manifestariak belauniko jarri dira ukabilak goian zituztela.

"George Floyden hilketa arrazista eta Mediterraneoan gertatzen diren milaka heriotzak Europan eta Espainiako Estatuan nagusi den arrazakeri instituzional eta sozialaren adibide argiak dira", salatu dute.

Antolatzaileek manifestu bat irakurri dute. Pertsona beltzen "egiturazko pobrezia", laneko esplotazioa eta "aukera falta" salatu dute.

Manifestariak maskarekin Donostian. Argazkia: EFE

Era berean, ehunka pertsonak parte hartu dute Donostiako manifestazioan, SOS Arrazakeriak deituta. Manifestariek zortzi minutu belauniko eman dituzte, George Floydek itobeharrean eman zuen denbora tartea gogorarazteko.

Manifestazioa 12:00ak aldera hasi da Boulevard Zumardian, eta Antiguoko auzora arte ibilbidea egin du. Mobilizazioak "aurreikuspen guztiak gainditu ditu", aitortu dute antolatzaileek Boulevardeko kioskoan.

"Stop Arrazakeria. Arrazakeriari egunero egiten zaio aurre. Black Lives Matter" lelopean protesta egin dute. Euskaraz eta gaztelaniaz ohar bat irakurri dute manifestazioaren amaieran. George Floyden hilketaren ondotik ospetsu egin den "bizitza beltzak axola zaizkigu" oihua "Europar Batasuneko herrialdeetarako ere" balio duela adierazi dute.

Arrazakeriak eta xenofobiak "pertsona guztiak aske eta berdin diren, giza eskubideen errespetuan oinarritutako bidezko gizarte demokratikoak eraikitzea eragozten dute", azpimarratu dutenez.

Manifestariek pankarta ugari erakutsi dituzte Donostian. Argazkia: EFE

Albisteak (5)