Koronabirusa
Honelakoa izango da "normaltasun berria"
Agentziak | Erredakzioa
Segurtasun-distantzia metro eta erdikoa izango da (ez bi metrokoa), eta maskaren erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraituko du.
Espainiako Gobernuak COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentziozko, euste- eta koordinazio- premiazko neurrien errege-dekretua argitaratu du asteazken honetan Espainiako Aldizkari Ofizialean. Jarraian, Espainiako Estatuan "normaltasun berrian" indarrean izango diren neurri nagusiak zehaztuko ditugu.
Prebentzioa eta garbitasuna
- Maskarak derrigorrezkoak izango dira, sei urtetik gorakoentzat, bide publikoan eta aire zabalean (metro eta erdiko distantzia zaintzerik ez badago), erabilera pribatuko gune itxietan, eta jendaurreko gune itxietan, bai eta garraiobideetan ere. Maskararik ez eramateak 100 eurorainoko isunak ekarriko ditu.
- Lanpostuak ordenatu edo lan-txandak antolatu beharko dituzte jendetzak saihesteko, bai eta merkataritza-saltokietan, gizarte-egoitzetan, eta ostalaritza- eta sukaldaritza-jardueretan ere.
- Adinekoen eta desgaituen egoitza-zentroek arrisku-planak izan beharko dituzte, balizko agerraldiei aurre egiteko, eta autonomia-erkidegoko osasun-baliabideekin koordinatuta izan beharko dira.
- Kirol Kontseilu Nagusiak erabakiko ditu futbol-liga profesionaleko eta saskibaloi-liga profesionaleko itzuleran hartu beharreko prebentziozko neurriak. Antolatzaileen, autonomia-erkidegoen eta Espainiako Osasun Ministerioaren iritziak kontuan izan beharko dituzte.
Garraioak
- Espainiako Estatu osoan mugitzeko aukera egongo da.
- Errepideko, trenbideko edo itsasoko garraio publikoetan ezarritako betetze-maila errespetatzea derrigorrezkoa izango da.
- Lekuak aldez aurretik esleituak direnean, operadoreek, aire-garraiokoek ere, gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiarien erregistroak; horrela, positiborik egotekotan, trazabilitatea bermatu ahalko da.
- Nazioarteko hegaldietako bidaiarien sarreran osasun-kontrola bermatzea helburu, giza, osasun- eta babes- beharrezko baliabideak utziko ditu Aenak Kanpo Osasunaren esku. Kanpo Osasunarekin adostutako hitzarmenaren bidez zehaztuko da kontu hori.
- Merkataritza Nabigazioko zuzendari nagusiak eskumena izango du beharrezko osasun-neurriak hartzeko, nazioarteko bidaiak egiten dituzten bidaiariak kontrolatzeko, baldin eta Osasun Ministerioak hala proposatzen badu, eta bidaiariak lurralde-itsasoan badaude, nazioarteko nabigaziora irekita dauden Espainiako portuetara sartzea helburu.
Atzemate goiztiarra eta zaintza epidemiologikoa
- COVID 19 gaitza premiazko adierazpenekoa izango da hemendik aurrera.
- Osasun publikorako larrialdiko egoerarik izatekotan, autonomia-erkidegoek informazioa eman beharko dute, osasun-agintarien arteko koordinazio egokia bermatzeko, eta Osasun Sistema Nazionaleko funtzionamendua indartzeko. Gainera, jarraipen eta zaintza epidemiologikorako beharrezkoak diren datuak ematen jarraitu beharko dute; horrez gain, laguntza-gaitasunaren egoeraren gaineko datuen berri eman beharko dute, bai eta giza baliabideetako eta materialeko beharren berri ere.
- Halaber, bermatu beharko dituzte gaixotasuna prebenitu eta kontrolatzeko tartean dauden profesionalen kopurua nahikoa dela. Diagnostiko goiztiarra, kasuetarako arreta eta zaintza epidemiologikoa ere ziurtatu beharko dituzte, eta arrisku-planak sortu.
- Osasun-zerbitzuek PCRak edo diagnostiko molekularreko beste edozein teknika egiteko aukera dagoela bermatuko dute, ahalik eta lasterren, sintomak detektatuta. Informazioa behar bezala emango da, bai denborari dagokionez, baita moduari dagokionez ere.
Sendagaiak eta osasun-produktuak
- Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak ahalmena izango du fabrikatzaileen informazioa jasotzeko, azken horiek egiten ari diren operazioen gainean. Halaber, Agentziak jakin ahalko du sendagaien erabilgarritasuna zein den, beharrezkoa balitz horiek egiteari lehentasuna emateko, eta egoera hori antolatze aldera.
- Sendagai oinarrizkoen stocka edo emandako kopuruak ere Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak jakin beharko ditu, hornikuntza une oro bermatu ahal izateko.