Itxi

KORONABIRUSA

Basurtuko erditze gelak itxi eta 32 positibo baieztatu dituzte dagoeneko

eitb.eus

Leer en Castellano

Ostegunean erditu zen emakume batek positibo eman du COVID-19 proban, eta horren ondorioz, Basurtun erditzeko zeuden emakume guztiak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Basurtuko Ospitaleko erditze gelak itxi egin dituztela baieztatu du Nekane Murga Osasun sailburuak. Ostegunean erditu zen emakume batek positibo eman du COVID-19 proban, eta horren ondorioz, Basurtun erditzeko zeuden emakume guztiak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte, sindikatuetako iturriek erantsi dutenez.

Gainera, Basurtuko Ospitaleak hiru positibo gehiago antzeman ditu azken 24 orduetan. Ondorioz, agerraldian 32 kasu baieztatu dituzte dagoeneko PCR probetan, sailburuak jakitera eman duenez.

Gauzak horrela, erditzeak Basurtutik Gurutzetara lekualdatu dituzte. Positiboa Iturrizar pabiloian (ginekologia eta amatasuna) antzeman dute, sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez.

Emakumeari PCR proba egin zioten, eta positibo eman du. Horregatik, erditzeak Gurutzetara eramatea erabaki dute arduradunek.

Hala ere, pabiloia zabalik dago, larrialdi ginekologikoak artatzeko, iturri berdinen arabera.

Koronabirus agerraldia izan da aste honetan Basurtuko Ospitalean, Revilla pabiloian (onkologia, kardiologia eta barne medikuntza). Dagoeneko 32 positibo baieztatu dituzte, eta 2 paziente hil egin dira.

Bestalde Euskadik beste COVID-19 agerraldi bat izan du Gasteizko Txagorritxu Ospitalean: 7 positibo eta hildako bat.

Hiru hildakoak adinekoak pertsonak ziren, eta minbizia zuten, Nekane Murga Osasun sailburuak atzo ziurtatu zuenez.

COVID-19aren bilakaeraren berri emateko prentsaurrekoan, ostiral honetan, Murgak azaldu duenez, Basurtuko agerraldia antzeman ondoren 1.109 PCR proba egin dituzte: 837 profesionalei, 156 pazienteei eta 116 bisitariei.

Guztira, 32 positibo antzeman dituzte Basurtuko agerraldian, atzo baino hiru gehiago: 12 profesional, 12 paziente eta zortzi bisitari. Gainerako probek negatibo eman dute.

Murgaren hitzetan, "Basurtun egiten ari diren zaintza zorrotzari esker egoera kontrolpean dago". "Kasu berriak daude, baina garbiketa azkar bati esker antzeman eta isolamendu zein jarraipenerako neurri egokiak hartzen ari gara", gaineratu du. Zuhurtzia eskatu eta "datozen egunetan zer gertatu" zain egon behar direla uste du sailburuak.

Txagorritxuko Ospitaleari dagokionez, 134 PCR proba egin dizkiete bisitariei, pazienteei eta profesionalei. Emaitza ez da aldatu, eta zazpi positibo antzeman dituzte (hiru paziente, profesional bat eta hiru bisitari).

Murgak azpimarratu duenez, atzo, guztira, 4.286 proba egin zituzten (3.267 PCR eta 1.019 test azkar). PCR bidez 8 kasu berri baieztatu dituzte, guztiak Bizkaian.

Orain arte, 1.587 hildako utzi ditu pandemiak Euskadin. 18 pertsona ZIUn daude.

Eibarren, bi taberna itxita

Bestalde, Eibarko bi taberna itxi zituzten atzo, horietako batean lan egiten duen langile batek COVID-19a duela baieztatu eta gero. Antza, gizonezkoa ez zen lokal horietako ohiko langilea, baina tarteka laguntzen aritzen zen.

Beste enpresa batean du lantokia, eta han izandako istripu arin baten ondoren erietxera joan zenean egin zioten koronabirusa atzemateko proba. Positibo eman zuen eta gizonezkoak berak zabaldu zuen albistea sare-sozialen bidez.

Berria zabaldu orduko, Eibarko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gizonezkoak tarteka lan egiten zuen taberna ixtea erabaki zuten, eta, bere etxeko batek lan egiten duen beste bat ere bai, badaezpada.

Bestalde, Orioko eguneko zentroko pertsona batek ere koronabirusa atzemateko proban positibo eman duela baieztatu zuen atzo Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko eledunak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)