Itxi

KORONABIRUSA

COVID-19ak hiru hildako eta 9 positibo berri utzi ditu EAEn azken orduetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

2 positibo izan dira Araban, 5 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Beste positibo bat atzeman dute Basurtuko agerraldiari lotuta, eta beste 2 Txagorritxukoan. Nafarroan ez da hildakorik ezta kasu berririk izan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.592 hildako izan dira jada. Horrez gain, 9 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez eta 5 test azkarren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak igande honetan emandako datuen arabera (bezperako 24:00ak arte bildutakoak).

Atzo 4.060 proba egin ziren guztira (3.976 PCR eta 84 test azkar).

EAEko lurralde guztietan atzeman dira positiboak azken orduetan: 2 positibo berri izan dira Araban (Gasteizen), 5 Bizkaian (Bilbon eta Portugaleten) eta 2 Gipuzkoan (Donostian eta Ordizian).

Basurtuko Ospitalean izandako koronabirus agerraldiari dagokionez, positibo berri bat atzeman dute azken 24 orduetan. Beraz, 38 dira kutsatuak orain arte (14 profesional, 12 gaixo eta 12 bisitari edo kontaktu estu).

Txagorritxuko agerraldiarekin lotutako bi positibo berri ere izan dira azken orduetan. Guztira 9 dira kasu honetan kutsatuak (4 gaixo, profesional 1 eta 4 bisita edo kontaktu estu).

Arrasateko Aita Menni Ospitaleko fokuari lotuta, berriz, ez da kutsatu berririk agertu.

Guztira, 20.415 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin EAEn, pandemia hasi zenetik.

Gaur egun 200 pertsona baino gutxiago daude euskal ospitaleetan, horietatik 18 ZIUetan.

EAEko R0 indizea 1,52koa da.

0 hildako eta 0 kutsatu Nafarroan

Maria Chivite Nafarroako presidentea pozik agertu da gaur "Nafarroak azken hilabeteotako egoera epidemiologiko hoberenaren berri eman dezakeelako: 0 kasu positibo, 0 ospitaleratze berri eta 0 hildako".

Foru Erkidegoak 40 paziente baino ez ditu ospitaleratuta: 32 plantan, 6 ZIUn eta 2 etxean. Guztira, 5.352 kasu positibo baieztatu dira PCR bidez pandemia hasi zenetik.

Hala ere, bere hitzaldian "zuhurtziarako eta erantzukizun indibidualerako" deia egin du, datorren igandetik (hilak 21) aurrera hasiko den "normaltasun berriaren" aurrean. Izan ere, egun horretan alarma egoera altxatuko da, Estatu osoan mugikortasun askea ahalbidetuz, eta Europako mugen irekierarekin bat egingo du, Portugalek izan ezik, honek uztailaren 1era arte atzeratzea eskatu baitu.

48 positibo berri azken orduetan Espainian

Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, 26 pertsona hil dira koronabirusarekin azken zazpi egunetan eta eta 48 pertsona kutsatu dira, berriz, azken 24 orduetan (bezperan 130). Madril izan da positibo gehien izan dituen erkidegoa, 12, guztira. Atzetik, Gaztela eta Leon, Valentzia eta Katalunia.

Azken zazpi egun hauetan 1.737 positibo berri diagnostikatu dituzte; horietatik 568 Katalunian atzeman dituzte, eta 554 Madrilen.

Azken 14 egunei erreparatuz gero, 4.434 kutsatze baieztatu dira, eta horrek 9,43ra murriztu du intzidentzia-tasa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (3)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (3)