Itxi

KORONABIRUSA

Beste 3 positibo atzeman dituzte Basurtun, eta 4 Txagorritxun, azken orduotan

eitb.eus

Leer en Castellano

41 dira Basurtuko agerraldian kutsatutakoak (15 langile, 12 gaixo eta 14 bisitari edo gertuko). Txagorritxun, berriz, 13 dira kutsatutakoak (6 gaixo, 2 profesional eta 5 bisitari edo gertuko).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako koronabirus agerraldiari lotutako positiboak 41 dira dagoeneko, atzo baino hiru gehiago, eta kutsatuen artean 15 langileak dira, 12 gaixoak eta 14 bisitariak edo gertukoak. Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko agerraldiari lotuta, berriz, 13 dira guztira, azken orduetan beste 4k eman baitute positibo: bi gaixok, langile batek eta bisitari batek.

Nekane Murga Osasun sailburuak esan du bi agerraldiak "kontrolpean" dituztela, baina oraindik "kutsatze gehiago" izan daitezkeela. Bere esanetan, "azkar atzeman izanak eta isolamendu neurriek gaixotasuna inguratzea eta transmisioak gelditzea lortu dute, zaintza eta kontrol sistemek funtzionatu dute, eta hori da gure indargunea".

Basurtuko kasuan, 4.281 PCR egin omen dizkiete gaixo, langile eta agerraldiarekin lotutako pertsonen gertukoei, eta 41ek eman dute positibo, azken orduotan profesional bati eta bi bisitariri atzeman ostean.

Txagorritxun, berriz, lau positibo berri atzeman dituzte (bi gaixo, profesional bat eta bisitari bat), eta guztira 13 dira agerraldiarekin lotutako COVID-19 kasuak, 240 PCR proba baino gehiago egin ostean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (5)

Bideoak (1)