Itxi

Koronabirusa

Hondartzainak Kontxako hondartzarako sarbideak zaintzen hasiko dira gaurtik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kontxarako sarbideetan hondartzainak daude jada, sarbideak kontrolatzeaz eta uneoro edukiera adierazten duten banderatxoak aldatzeaz arduratzen diren zaindariak dira.

Donostiako Kontxako hondartza. Argazkia: EiTB.

Hondartzainak Donostiako Kontxako sarbideak zaintzen hasiko dira gaurtik aurrera. Astelehen honetan, hainbat zerbitzu jarri dituzte martxan hiriko hondartzetan, baina denboraldi ofiziala uztailaren 1ean hasiko da, Marisol Garmendia Hiriko proiektuen zinegotziak jakitera eman duenez.

Beraz, Kontxarako sarbideetan hondartzainak daude jada, hondartzarako sarbideak kontrolatzeaz eta uneoro edukiera adierazten duten banderatxoak aldatzeaz arduratuko diren zaindariak dira.

Garmendiak adierazi duenez, "banderatxo hauek dagoeneko martxan daude, Cervantes Plazako lehen arrapalaren ondoan, Erlojuen biribilgunean eta Eguzki ondoko sarbidean".

"Banderatxo berdeak adierazten du sarbidea ez dagoela mugatuta; hondartza betetzen hasten denean edo itsasgora hurbiltzen denean horia ezarriko da; eta hondartza beteta dagoenean edo itsasgoraren ordua denean gorria ezarriko da, betiere, itsasgora baino bi ordu lehenago eta bi ordu geroago hondartza ez erabiltzeko gomendioa errespetatuz", azaldu du.

Hiriko beste hondartzek beren edukieraren berri Udalen webgunearen bitartez emango dute, erabilgarri dagoen espazioa neurtuko duten kameren informazioarekin, edo Aldundiaren gailu mugikorretarako aplikazioaren (APP) bidez, gainerako hondartzek ez baitute Kontxako hondartzak itsasgorarekin duen arazorik.

Zerbitzu horiez gain, hiru hondartzetako sorosleena eta bainu lagunduarena ere hasi da martxan, irailaren 15ean denboraldi ofiziala amaitu arte funtzionatuko dutenak. Dutxak ere ireki dira, eta distantziak ziurtatzeko bi txorrota baino ez daude martxan, konketak (baita erdiko txorrota itxita dutenak ere) eta hondartzetako kabinetako pixatokiak ere erabilgarri daude.

Bestalde, astelehen honetan ere erabiltzaile guztien eskura jarri dituzte hiriko banu publikoak. Duela egun batzuk autogarbitzaileak ireki zituzten, eta arretarako langileak dituztenak ere zabalik daude.

Albisteak (2)