Koronabirusa
Nolakoa izango da "normaltasun berria" COVID-19aren txertoa iritsi arte?
EiTB.EUS
Alarma-egoeran hiru hilabete eman ostean, Hego Euskal Herriko herritarrak "normaltasun berria" izenekoan daude. Nolakoa izango da amaitzeko datarik oraindik ez duen epe hori?
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Normaltasun berria" izenekoa, alegia, martxoaren 14an koronabirusagatik Espainiako Estatuan indarrean sartu zen alarma-egoera amaituta hasi berri den eta COVID-19aren aurkako txertoa iritsi arte luzatuko den trantsizio-epea, Hego Euskal Herrian da. Euskal Autonomia Erkidegoan ekainaren 19an hasi zen, ostiralarekin, eta Nafarroan, aldiz, igande honetan bertan, hilaren 21ean. Bitartean, mugikortasuna librea da Euskal Herri osoan; izan ere, igande honetatik ere, Biriatuko muga berriro ireki dute, eta, hortaz, ez dago murriztapenik Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira joateko, ezta alderantziz ere.
"Normaltasun berri" hau, Hego Euskal Herrian, oinarrizko bi premisak markatuta dago: alde batetik, nahitaezkoa dela gutxienez metro eta erdiko segurtasun-tarteari eustea gainerako pertsonekin; bestetik, bost urtetik gorako herritar guztiek, ezintasunik izan ezik, maskara erabili behar dutela, garraio publikoan edozein kasutan, eta, kalean zein leku itxietan, segurtasun-tarte hori ezin bada bermatu.
Gainera, pandemiaren hasieratik egin izan dutenez, agintariak behin eta berriro ari dira gogoratzen oso garrantzitsua dela eskuak garbitzea, kutsadurak saihesteko neurri eraginkor gisa.
Espainiako Estatuko Gobernuko presidente Pedro Sanchezek larunbatean nabarmendu duenez, ezinbestekoa da erne jarraitzea; izan ere, "birusa itzul daiteke", esan du Sanchezek, "eta bigarren olde batek kolpatu ahal gaitu; hori kosta ahala kosta saihestu behar dugu". Haren hitzetan, alarma-egoerari esker, 450.000 bizitza salbatu dituzte Espainian.
Euskadin, 'Bizi Berri' programa
Testuinguru horretan, Euskadin ostiralean geratu zen bertan behera alarma-egoera, eta EAEko herritarrek 'Bizi Berri' programan dauden neurriak izan behar dituzte kontuan. Garraio publikoa ehuneko ehunean dabil, ez dago edukiera-murriztapenik tabernetan, jatetxeetan edo elkarte gastronomikoetan. Dantzalekuak ireki dituzte, dantzatzeko pistarik gabe, eta kultura-ekitaldietan gehienez 1.000 pertsona bildu ahal dira aire zabalean eta 300 leku itxietan, betiere edukieraren % 60 kontuan izanik, Jaurlaritzak zehaztu duenez. Hoteletan, eremu komunak ireki dituzte, edukiera-mugarik gabe.
Haur-parkeak ireki egin dira, edukiera mugatuta dagoen kasuetan, eta pertsona bakoitzak 4 metro koadroko eremua izan beharko du. Garbitasuna zainduko dute.
Kirol-instalazioetan ere, igerilekuetan tarteko, gehienezko edukiera % 60koa izango da. Aldagelak eta dutxak erabili ahalko dira, baina babes-neurriak eta metro eta erdiko distantzia errespetatuta.
Liburutegiak ohiko zerbitzua ari dira eskaintzen, % 60ko edukierarekin, eta utzitako liburuak gutxienez astebete egon beharko dira gordeta, erabiltzaileak entregatu ostean. Museoak ere ireki dituzte, areto bakoitzean % 60ko edukiera errespetatuta.
Nafarroan, edukierak handitzea erabaki dute
Nafarroan, Maria Chivite presidenteak azaldu du edukierak handitzea eta eremu gehiago irekitzea baimendu dutela; nolanahi ere, hainbat murrizketari eutsiko diotela ohartarazi du, "txertoa izan arte gure bizimodua ez delako lehengora bueltatuko". Oro har, edukierak gehienez % 75era zabaldu dituzte, "beharrezko bermeak zainduta", eta hainbat gune ireki eta zenbait jarduera berreskuratu dituzte; adibidez, haur-parkeak, edo jubilatuen klubak.
Besteak beste, igerilekuetan edukiera % 75ekoa da; eta tabernetako terrazetan % 100ekoa. Segurtasun neurriak hartuta, umeentzako parkeak ireki dituzte, baita hiru urtera arteko haurreskolak ere.
Horrez gain, jubilatuen etxeak eta etxabeak irekitzea baimenduta dago, hainbat baldintza beteta. Ekintza kulturalak eta kirol-jarduerak egitea posible da; eremu itxietan, gehienezko edukiera 500 pertsonakoa da, eta kalean 1.000 lagun bildu ahal dira gehienez.
Diskoteketan dantzalekua erabiltzea galarazita dago. Aitzitik, barruko mahaietan edo terrazan esertzea posible da.
Espainiako Estatuan, 100 euro maskara ez erabiltzeagatik
Espainiako Estatuan, kontuan izan behar da metro eta erdiko segurtasun-tarteari ezin bazaio eutsi edo garraio publikoan maskara ez erabiltzeak 100 eurorainoko isuna ekar lezakeela. Lanetan, postuak ordenatu edo txandak antolatu beharko dituzte jendetzak saihesteko, bai eta merkataritza-saltokietan, gizarte-egoitzetan, eta ostalaritza- eta sukaldaritza-jardueretan ere.
Autonomia-erkidegoek agintea berreskuratu dute konfinamendua arintzeko deseskalatzearen azken fasean, hau da, azken bi asteotan erkidego gehienetan. Osasun publikorako larrialdiko egoerarik izatekotan, informazioa eman beharko dute, osasun-agintarien arteko koordinazio egokia bermatzeko, eta Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko funtzionamendua indartzeko. Gainera, jarraipen eta zaintza epidemiologikorako beharrezkoak diren datuak ematen jarraitu beharko dute; horrez gain, laguntza-gaitasunaren egoeraren gaineko datuen berri eman beharko dute, bai eta giza baliabideetako eta materialeko beharren berri ere.
Halaber, bermatu beharko dituzte gaixotasuna prebenitu eta kontrolatzeko tartean dauden profesionalen kopurua nahikoa dela. Diagnostiko goiztiarra, kasuetarako arreta eta zaintza epidemiologikoa ere ziurtatu beharko dituzte, eta arrisku-planak sortu.
Osasun-zerbitzuek PCR probak egiteko aukera dagoela bermatuko dute, ahalik eta lasterren, sintomak detektatuta. Informazioa behar bezala emango da, bai denborari dagokionez, baita moduari dagokionez ere.
Hondartzetan, jendetzak saihestea helburu
Gauzak horrela, urtero bezala, herritarrek hondartza izango dute udaz gozatzeko puntu nagusietako bat. Bertan, "normaltasun berriak", oro har, jendetzak saihesteko neurriak ekarri ditu; hain zuzen ere, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek sarbideak zainduko dituzte, jende gehiegi ez pilatzeko, eta hondartzak ere bai, helburu hori bera gauzatzeko.
Udalerri askotan, Udalek eskatu diete herritarrei "hondartza dinamikoa"ren kontzeptua barneratzeko. Hala, eskaera da hondartzan gehienez hiru ordu ematea, ahalik eta herritar gehienek izan dezaten aukera bertan gozatzeko.
Irailean, ikasturte-hasiera
Udaren osteko garaiari begira, Euskal Herriko ikasle gehienek ikasturtea amaituta, milaka familiaren galdera da zer gertatuko den irailean, 2020-21 ikasturtearen hasieran, "normaltasun berri" honetan. Ekainaren 11n, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu zuen bere Sailak "denbora” daramala, “hezkuntza-komunitatearekin batera, datorren ikasturtearen hasiera planifikatzeko eta antolatzeko lanetan". Orduan esan zuenez, laster ebazpenak ikastetxeei jakinaraztea espero zuen, bakoitzak datorren ikasturteko plangintzari ekin ahal izateko.
Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak "poza" agertu zuen, hilaren 11n ere, Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta autonomia-erkidegoek Konferentzia Sektorialean hitzartutako akordioengatik. Bertan, berretsi egin zuten 2020-21 ikasturterako apustua aurrez aurreko irakaskuntza dela.
Ipar Euskal Herrian ekainaren 22ko astean, ikasleak eskolara bueltatuko dira. Ez da ikasle mugarik egongo ikasgeletan eta segurtasun-neurriak arinduko dira, Frantziako Gobernuak erabakita.
Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak iragarri duenez, ikasle bakoitzarentzat lau metro koadro izateko araua aldatu egingo dute, eta metro bateko tartea besterik ez dute zaindu beharko.
Gainera, kendu egingo da Lehen Hezkuntzako ikasgeletan gehienez 15 ikasle izateko araua "ikasle guztiak hartu ahal izateko", azpimarratu du Blanquerrek.
Eskolak erabat bi asterako soilik irekitzeak duen zentzuaz galdetuta (uztailaren 4an hasiko dira udako oporrak), ministroak esan du helburua dela "ikasleentzat parentesirik ez egotea".
Gaineratu duenez, ikasleentzat "psikologikoki garrantzitsua" da eskolara itzultzea, eta "etxean geratzeak baino arrisku gutxiago" du.
Noiz arte luzatuko da?
"Normaltasun berria" txertoa izan arte luzatuko dutenez, galdera da COVID-19aren txertoa noiz iritsiko den. Maria Neira Munduko Osasun Erakundeko (MOE) Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendariaren arabera, ez da aurten prest egongo, baina aste gutxiren buruan tratamenduen inguruan "albiste onak" zabalduko direla ziurtatu du.
Neirak adierazi du "agian" 2021aren hasieran koronabirusaren aurkako txertoa merkaturatu ahalko dela, baina ohartarazi du "errealistak" izan behar direla, eta, urtea amaitzeko sei hilabete bakarrik falta direnez, ez duela 2020an garatzeko denborarik emango.