Itxi

KORONABIRUSA

COVID-19aren positiboek behera egin dute EAEn eta ez da hildakorik izan

EITB.EUS

Leer en Castellano

Nafarroak 6 positibo berri erregistratu ditu COVID-19ren ondorioz, horietako hiru Sunbilla inguruko enpresa bateko langileenak.

Donostia (Gipuzkoa). Irudia: EFE

EAEk 9 positibo atzeman ditu koronabirusaren PCR probetan azken 24 orduetan, aurreko egunean baino zazpi kasu gutxiago, eta ez da beste heriotzarik izan COVID-19ren ondorioz.

3.547 proba (3.145 PCR eta 402 test azkar) egin ziren ostegunean EAEn, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruzko bere eguneroko txostenean emandako datuen arabera.

Egun horretan PCR bidez baieztatutako positibo berriak 9 izan dira (aurreko jardunaldian baino zazpi gutxiago); horietatik 4 Bizkaian, 3 Araban eta 2 Gipuzkoan.

Gainera, 25 positibo berri atzeman dituzte test azkarretan, atzo baino 18 gutxiago.

Bestalde, 27 gaixo sendatu dira (negatibo eman dute PCR proban), duela egun batzuk gaixotu ostean, eta 6k ospitalean alta jaso dute. Atzo ez zen heriotzarik izan. Dena den,  koronabirusa duten edo birusa izan duten 7 pertsonak zainketa intentsiboetako unitateetan jarraitzen dute, aurreko egunean baino hiru gutxiagok.

Orioko fokuan 17 positibo atzeman dituzte jada

Orion (Gipuzkoa) aurkitutako fokuak 17 kasu positibo zenbatu ditu dagoeneko, atzo zalantzazkoak ziren 4 kutsatzeak baieztatu ostean.

Osteguneko kutsatze bakar batek ere ez du zerikusirik Orioko agerraldiarekin, ezta azken asteotan Txagorritxuko (Gasteiz) eta Basurtuko (Bilbo) ospitaleetan (15 eta 45, hurrenez hurren) eta Bizkaiko hiriburuko Jesusen Zerbitzarien Kongregazioaren egoitzan (8 positibo izan dira) gertatu direnekin ere.

Atzo, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu zuenez, 3 positibo erregistratu zituzten Gipuzkoan, Orioko agerraldiarekin argi eta garbi lotuta. Agerraldi hori familia- eta gizarte-harremanen testuinguruan sortu zen, eta beste 4 harreman zalantzan zeuden; horien artean, autonomia-erkidego mugakide bateko pertsona bat, lan-arrazoiengatik lekualdatu zena.

Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dutenez, lau kasu horiek Orioko agerraldiarekin lotura dute, eta orain arte 17 izan dira positiboak.

6 positibo berri Nafarroan, hiru iparraldeko agerraldiarekin lotuta

Nafarroak 6 positibo berri erregistratu ditu COVID-19ren ondorioz, horietako hiru Sunbilla inguruko enpresa bateko langileenak, Santos Indurain Osasun kontseilariak jakitera eman duenez, eta agerraldi hori eta Iruñekoa, non ez den kasu berririk antzeman, "kontrolpean" daudela adierazi du.

Indurainek azpimarratu duenez, "oso detekzio goiztiarrak, kontaktu estuak isolatzeak eta lehen 48 orduetan PCR probak egiteak kasuak garaiz detektatzea ahalbidetu dute".

Ildo horretan, iparraldeko enpresa batekin lotutako kasu bat izan denez, PCR probak eta azterketa serologiko bat egin dizkiete 150 langileei, eta hiruk positibo eman dute.

Azken orduetan pertsona bat ospitaleratu dute, bi gaixo daude ZIUn eta ez da hildakorik izan. Beraz, Foru Erkidegoak hamalau egun daramatza heriotzarik gabe.

Nafarroan antzemandako bi agerraldiei dagokienez, eta inkubazio-aldia hamalau egunekoa dela adierazi ostean, biak hilaren 16an izan zirela azaldu du, 21ean izan zirela positibo gehien, eta ordutik kasu batzuk agertzen ari direla, baina kopurua jaisten ari dela.

Hala ere, datozen egunetan beste batzuk erregistra daitezkeela zehaztu du, oraindik inkubazio-aldia geratzen delako eta kasu bakoitzean kontaktuen azterketak egiten direlako.

8 heriotza eta 191 kutsatze azken 24 ordutan

Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, beste zortzi pertsona hil dira ostiral honetan koronabirusarekin, azken asteko heriotzak 11ra eta guztira 28.338ra igo dituzte, eta azken 24 orduetan 191 kutsatu zenbatu dituzte, atzo baino 34 gehiago, eta horietatik 72 Aragoikoak dira.

Atzetik, Madril dago, bi heriotzez gain, 41 positibo berri eman baititu, eta Kataluniak 36 kasu zenbatu ditu, baina ez da heriotzarik izan, Andaluziak bezala, 12 kutsatu baitira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (2)