Itxi

KORONABIRUSA

Osasun Sailak kontrolatutzat jo ditu fokuak eta aglomerazioen arriskuez ohartarazi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Murgak aitortu duenez, prebentzio-neurriak betetzen ez dituzten ehunka lagunen irudiek kezkatzen dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osasun Sailaren hitzetan, "erabat egonkortuta" daude azken egunotan EAEn atzemandako covid-19aren fokuak, baina kaleko aglomerazioen arriskuez ohartarazi du, horrelako inguruneetan kutsatzeak zaildu egiten baitu balizko positiboak identifikatzea, elkarrekin harremanik ez duten pertsonak baitira.

Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egin du ostegun honetan pandemiaren bilakaeraren berri emateko. Jakitera eman duenez, azken orduetan sei positibo atzeman dituzte PCR proben bidez (1 Araban, 4 Bizkaian eta 1 Gipuzkoan), eta azken 60 egunetan positibo eman duten hiru pertsona hil dira. Guztira, 21.061 kutsatu dira eta 1.618 hil dira EAEn.

Sailburuak azaldu duenez, atzo Gipuzkoan erregistratutako kasuek ez dute harreman zuzenik Orioko fokuarekin, ezta atzo aipatutako Arrasate, Irun eta Errenteriako balizko fokuekin ere.

Gainera, aipatutako fokuei dagokienez, familia esparruan gertatu omen ziren kutsatzeak, eta ez azken egunotan kalean ikusitako aglomerazioetan.

Murgaren ustez, prebentzio-neurriak bete ez dituzten ehunka lagunen irudiak kezkagarriak dira, Gasteizen Baskoniaren liga titulua eta Irunen Sanmartzialak ospatzen aritu izan diren herritarrenak, esaterako. Horrelako portaerek "jarraituz gero edo zabaltzen badira, prebentzio-neurriak areagotuz joango dira", ohartarazi du.

Nolanahi ere, orain arte urratze horiek "puntualak izan dira" eta "gizarte osoak baztertu ditu", haren esanetan, eta inon jende asko pilatuko dela aurreikusiz gero, toki horietara ez joateko eskatu die herritarrei, eta "prebentzio neurriak betetzen laguntzeko", berriz, ostalariei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (3)

Bideoak (1)