Itxi

KORONABIRUSA

Auzitegi Nagusiak ezarri du Osakidetzak ez zuela bete prebentzio araudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Babeserako tresnak ez edukitzeak langileei "lan-arrisku larria eta berehalakoa" eragin ziela ebatzi du EAEko Auzitegiak. Osakidetzaren esanetan, gabezia "puntuala" izan zela ebatzi du Auzitegiak.

Medikuntzako eta erizaintzako langileak. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Koronabirusaren osasun-krisian Osakidetzak ez zuela bete lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia eta norbera babesteko ekipamendurik ez izateak langileen osasunean "lan-arrisku larria eta berehalakoa" eragin zuela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ESK sindikatuaren arabera.

Ohar baten bidez, Osakidetzako zuzendaritzak eta Nekane Murga Osasun sailburuak "erantzukizunak beren gain hartzea eta dimisioa aurkeztea" eskatu du erakunde horrek, "hilabete tirabiratsu hauen kudeaketa negargarria dela eta, Osakidetzako langileen zein herritarren osasuna arriskuan jarri baitu".

Gaur jakinarazi dutenez, ekainaren 16an egin zen Osakidetzaren aurkako epaiketa, ESK sindikatuak berak jarritako salaketa baten harira, SARS-CoV-2 birusak sortutako pandemiaren kudeaketan lan-arriskuen prebentzioaren arloko araudia ez betetzeagatik.

Bertan, Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera salatu zuten, besteak beste, hauek nabarmenduta: euskal osasun zerbitzuko langileen artean norbera babesteko ekipamendurik ez egotea, horiek erabiltzeko protokoloak ez betetzea eta langileen egoera antzeman ahal izateko testak ez egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaian jasotzen duenez, "maskarei eta mantalei dagokienez, Osakidetzak erabiltzeko, berrerabiltzeko eta garbitzeko jarraibideak eman zituen, osasun-jarraibideekin zerikusirik ez dutenak, eta alde batera utzi zituzten berrerabiltzeak pazientearentzat eta erabiltzailearentzat infekzioak sortzeko arrisku potentzialaz ohartarazten zuten erabilera-gomendioak".

Auzitegiaren esanetan, enpresaburuaren betebeharra da laneko osasunaren zaintza egokia bermatzea, eta COVID-19aren eraginpean egoteak lan-arrisku larri eta berehalakotzat kalifikatzea merezi du. Osakidetzak ez duela laneko arriskuen prebentzioaren arloko betebehar hori bete adierazi du, eta bere zerbitzura dauden langileak babesteko neurri egokiak hartzera zigortu du.

ESK sindikatuaren iritziz, "urteetako etengabeko murrizketen ondoren, COVID-19aren krisiak mahai gainean jarri ditu Osakidetzak pairatzen dituen gabeziak eta hura zuzentzen duten pertsonen kudeaketa arduragabea", eta epaiak "argi uzten du Osakidetzako zuzendaritzak langile guztien osasuna arriskuan jarri duela, kutsatutako langileen ehuneko handiak frogatu duen bezala".

Osakidetzaren esanetan, norbera babesteko ekipamenduen gabezia "puntuala" izan zela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Osakidetzaren hitzetan, ostera, pandemian zehar norbera babesteko ekipamenduen gabezia “puntuala eta denboran mugatua” izan zela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak epaian. Materiala hornitzeko kudeaketa “nahikoa izan ez” zela esaterik ez dagoela gaineratu du Osakidetzak, ezta “antijuridikoa” ere.

“Egoera puntuala eta denboran mugatua izan zen, auzitegiaren arabera; Osakidetzak profesionalak babesteko materialen horniduran egindako kudeaketa nahikoa izan ez zenik ez dago esaterik, ezta antijuridikoa ere”, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ohar batean.

Gainera, gogorarazi duenez, laneko arriskuen prebentzio esparruan sindikatuaren eskaera “ia guztiak” atzera bota ditu EAEko Auzitegi Nagusiak. Norbera babesteko ekipamenduen hornidurari dagokiona, aldiz, partzialki onartu du auzitegiak.

Ondorioz, sindikatuak eskatutako kalte-ordaina ez dute ordaindu beharko, Osakidetzak zehaztu duenez. Zentzu horretan, “langileak babesteko neurri aproposak” hartzea eskatu du Auzitegiak. Osakidetzaren ahotan, “laneko arriskuak prebenitzeko neurriak zorrotz aplikatzen ari dira”.

Albisteak (2)