Hondartzak
Zenbait hondartza itxi dituzte segurtasun distantzia mantentzen dela bermatzeko
eitb.eus
Egoera aldakorra denez, hondartzara joan nahi duten herritarrek Foru Aldundien app-etan kontsultatu behar dute informazioa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eguraldia lagun, jendez bete dira Euskal Herriko hondartzak uztaileko lehen asteburuan. Tenperaturek gora egin dute kostaldean, eta zeruan lainorik ez da ageri. Uda giro aparta baliatzera joan dira herritar asko hondartzetara.
Segurtasun distantziari eutsi beharrak, ordea, hondartzak ixtea ekarri du zenbait puntutan, bigarren egunez jarraian. Gipuzkoan, zazpi hondartza osorik itxi dituzte. Bizkaian, bederatzi itxi dituzte erabat.
Zarautzeko hondartzaren hiru zatiak itxi behar izan dituzte 14:00ak inguruan, edukiera osora heldu direlako. Getarian, Gaztetape hondartza eguerdian egon da itxita, eta Malkorbe hondartza osorik itxi dute arratsaldean. Antilla (Orio), Ondarreta, Kontxa (Donostia) eta Itzurun (Zumaia) arratsaldean itxi dituzte. Hondarribian, bestalde, hondartzaren zati bat itxi dute 14:00ak inguruan, beste zatiak irekita jarraitzen duen bitartean.
Saturraran (Mutriku), Santiago (Deba) eta Zurriola (Donostia) hondartzak ia beteta daude.
Itzurun, itxita. Argazkia: Iraia Oteiza.
Bizkaian bederatzi hondartza itxi behar izan dituzte. Jende gehiago jaso ezinda geratu dira Arena (Muskiz eta Zierbena artean), Areeta (Getxo), Plentzia, Gorliz, Muriola (Barrika), Aritzatxu (Bermeo), Laidatxu (Mundaka), Laga (Ibarrangelu) eta Isuntza (Lekeitio) hondartzak.
Beste hamaika hondartza ia beteta daude, eta bandera laranja erakusten dute eguerditik aurrera: Ereaga, Arrigunaga (Getxo), Barinatxe (Getxo eta Sopela artean), Arriatera-Atxabiribil (Sopela), Toña (Sukarrieta), San Antonio (Busturia), Isuntza (Lekeitio) eta Karraspio (Mendexa).
11:29an izan da itsasbehera, eta itsasgora 17:49an izango da.