Koronabirusa
Osakidetzak 900 pertsonari egin die PCR proba Ordizian
eitb.eus
Proben % 10en emaitzak ezagutu eta gero, oraingoz ez da kasu positibo berririk atzeman. Behin betiko emaitzak hurrengo orduetan ezagutuko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osakidetzak 900 pertsonari egin dizkie PCR probak Ordizian astelehen honetan, azken egunetan atzemandako koronabirus agerraldiaren ostean. Etxezarreta kaleko taberna zonalde batean egon diren edo horiekin lotura izan duten pertsonak dira. Astelehen honetako proben % 10en emaitzak ezagutu eta gero, oraingoz ez da positibo gehiagorik atzeman. Nolanahi ere, behin betiko emaitzak hurrengo orduetan ezagutuko dira.
10:00etan hasi dira ehunka herritar Barrena parkean jarri dituzten hamar karpatan detekzio-probak egiten, eta ilara luzeak eratu izan dira. Bost minutuan, batez beste lau proba egin ditzakete bertan. PCR proba egin dutenei telefonoz jakinaraziko diete positibo edo negatibo eman duten.
Neurri hori beharrezkotzat jotzen den bitartean egongo da martxan. Osasun arloko hamar profesional arduratzen dira laginak hartzeaz eta desinfektatzeaz; horri esker, batez beste bost PCR proba egin daitezke minutuko.
Nekane Murga Osasun sailburua bertan izan da goizean, egoeraren berri bertatik bertara jasotzeko asmoz. Murgak "ardura" eta PCR proba egitera joateko eskatu die kaltetutako lokalak bisitatu dituzten herritarrei, eta, halaber, "agerraldiari aurre egiteko herritarren laguntza" eskatu du.
"Datozen orduetan jakingo dugu foku horrekin lotuta kasu gehiago dauden edo ez. Probetan positibo eman duen pertsona bakoitzeko 18-20 kontaktu estu inguru identifikatu ditugu, eta horiei guztiei koarentenan egoteko eskatu diegu, PCR proba berriro egin arte", azaldu du Murgak.
Azken orduetan, Etxezarreta kaleko lau taberna itxi dituzte, langileek PCR proban positibo eman ondoren. Azken egunetan, gutxienez zazpi pertsonak eman dute positibo.
Bestalde, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, ostalaritza-establezimendu horietako ohiko bezeroek eta langileek izango dute PCR probak egiteko lehentasuna; izan ere, taberna horietara sartu gabe kaletik pasatu direnek ez dute batere arriskurik.
Dena dela, Etxezarreta, Santa Maria eta Kale Nagusia bart berriz desinfektatu dituzte, segurtasun-neurri gisa, Gipuzkoako Udalak zehaztu bezala. Alkateak ez du baztertu neurri gehiago ezarri beharra. Anbulatorioko langileekin eta Osasun Sailarekin zehaztu du jarraitu beharreko protokoloa.
943 007 635 telefonoaren bidez, Ordiziako osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu die Segurtasun Sailak larunbatetik (ekainak 27) inguru horretan izan diren herritarrei, PCR proba egiteko hitzordua eskatzeko.
Bestalde, beste herri batekoa izanik ekainaren 27az geroztik zonaldean izan direnak Osasun Kontseiluarekin harremanetan jarri beharko dira: 900 20 30 50.
Sukarra, eztula edo arnasa hartzeko zailtasunik izanez gero, etxean isolatu eta osasun-zentrora deitzeko eskatu diete herritarrei, lasaitasunerako deia egin du, eta horrelako neurriak "prebentziozkoak baino ez" direla azpimarratu du, kutsatze berriak saihesteko eta transmisioa lehenbailehen atzemateko.