Koronabirusa
Ordiziako Udalak espazio publikoak itxi ditu eta azoka bertan behera utzi du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Besteak beste, kiroldegia, liburutegia eta haurrentzako parkeak egongo dira itxita.
Ordiziako Udalak neurri murriztaileak iragarri ditu herrian agertu den COVID-19 fokuaren aurrean. Oraingoz 35 positibo atzeman dituzte eta bihar egitekoa zen azoka bertan behera utzi du Udalak. Gainera, kiroldegia, liburutegia eta haurrentzako parkeak ere ixteko agindua eman du.
Azoka itxita egongo bada ere, telefonoz eta Internet bidez erosketak egin ahal izango dira.
Nekane Murga Osasun Sailburuak kutsatuen kopuruaren informazioa eman ondoren iragarri ditu neurriak Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. Antza, lehen kasua Lleidatik etorritako pertsona batena izan daiteke.
Neurrien iraupenari dagokionez, ohartarazi du "egun bat edo bi" iraun dezaketela, "baina aurre egin behar diogun hori ezagun izan arte" mantenduko dira. G
"Azken hilabeteetan zerbait ikasi badugu, erabakiak ahalik eta azkarren hartu behar direla da", azpimarratu du.
Alkateak ordiziarrei dei egin die egun hauetan etxetik ahalik eta gutxien irteteko eta ezarritako neurri guztiak betetzeko, maskara eramatea esaterako. Bestalde, alkateak gogorarazi du PCR probak egin dituzten bizilagunek etxean geratu behar dutela proben emaitzak jaso arte.