Itxi

Koronabirusa

Gutxienez irakaskuntzaren % 75 aurrez aurrekoa izatea nahi du EHUk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EHUk neurri hauek ezarri ditu, eta nahitaez bete beharko dira: jende pilaketak saihestea, sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuz edo ikasgelako gehieneko edukierak ezarriz, besteak beste.

EHUko Campusa Leioan. Irudia: EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gobernu Kontseiluak “Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak” izeneko dokumentua onartu du gaurko saioan, erakundeak 2020-2021 ikasturtean izango dituen jarraibideak ezartzen dituena. Orientabide horietan jasotakoaren arabera, euskal unibertsitate publikoak gutxienez irakaskuntzaren % 75 aurrez aurrekoa izatea nahi du, hau da, 4 irakasgaitik gutxienez 3 presentzialak izatea.

2020-2021 ikasturteari begira, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaskuntza plangintzan egokitzapen jakin batzuk egin beharko dira aldaketa horien ondorioz. Gaur onartutako dokumentuan ezarritako orientabideen xedea da irakaskuntza presentzialari eustea, baina hura distantziamendu sozialera, edukiera mugatura eta neurri higieniko-sanitarioetara egokituta.

Neurri horiek malguak izango dira, eta aldatu egin ahal izango dira, egoerak zer bilakaera duen kontuan hartuta. Edonola ere, dokumentuak oinarrizko bi premisa ditu abiapuntutzat: batetik, presentzialtasun handia mantentzea eta kalitatezko unibertsitate irakaskuntza eskaintzea, eta bestetik, ikasleen zein langileen osasunaren babesa bermatzea.

Orientabideek irakaskuntza presentzial egokituko eredu bat aurkezten dute; hau da, jarduera gehienbat presentziala konbinatzen da jarduera telematikoarekin eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin.

Orientabide horien abiapuntua Errektore Taldearen hasierako proposamen bat izan da. Proposamen hori Unibertsitateko hainbat taldetan aurkeztu eta eztabaidatu da, eta talde horiek ekarpenak egin dizkiote.

Oinarri horien arabera, eta kontuan hartuta osasun agintarien aginduak, Euskal Herriko Unibertsitateak neurri hauek ezarri ditu, eta nahitaez bete beharko dira: jende pilaketak saihestea, sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuz edo ikasgelako gehieneko edukierak ezarriz, besteak beste. Gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatzea, eta horrelakorik egin ezin den kasuetan, maskara erabiltzea, ikasleek 2 ordu baino gehiago maskara jantzita igaro ditzaten ekiditea, denbora muga hori gainditzen denean 15 minutuko atsedenaldiak utziz, ikastegien barruan ikasleen mugimendua mugatzea, ahal den neurrian, eta ikastegi bakoitzean egokiak diren babes, garbiketa eta desinfekzio neurriak aplikatzea.

Irakaskuntza

Ikaskuntza gehienbat presentziala eskola telematikoekin osatzea aurreikusi da, eta gomendioa da talde eta lauhileko bakoitzeko gehienez 2 irakasgaitan eskolak birtualki ematea bakarrik, eta gehienez 15 kreditutan, master tituluen kasuan. Era berean, gomendatzen da eskola presentzialak lehenestea modalitate praktikoetan, azalpen eta maisu izaerako modalitateen aurrean.

Jarduera presentziala ahal den guztietan ziurtatzeko ahalegin horretan, ikastegietako espazioak berrantolatu beharko dira, eta irakaskuntzako txandak ezarri. Presentzialtasun egokituko ereduak dakarren ikaskuntza ingurunean ikasleak harreman estua izango du irakaslearekin, nahiz eta batzuetan jarraipena telematikoa izan.

Irakaskuntza modalitate praktikoetan (laborategiak, tailerrak, etab.) eremu horietan igarotako denbora optimizatu nahi da. Erabateko presentzialtasuna ezinezkoa bada, instalazio horiek esperimentua edo dena delako jarduera egiteko beharrezko denbora tartean bakarrik erabiliko dira. Curriculumeko kanpo praktikak erakunde laguntzaileekin izenpetuta dauden hitzarmenetan ezarritako baldintza beretan mantenduko dira, eta praktikak egingo diren erakunde edo enpresetan aurreikusitako neurriak errespetatu beharko dira.

Ebaluazioari dagokionez, modu presentzialean egin beharko da. Edonola ere, “normaltasun berriaren” salbuespenezko eta ezusteko inguruabarrak direla eta, gomendatzen da irakasgai guztietan ebaluazio jarraitua planteatzea; horrela, hainbat proba, entregatzeko lan eta ariketa egingo dira eskolaldiak iraun bitartean, eta horien bidez ikasitakoaren ebaluazio jarraitua egin ahal izango da. Horrez gain, irakasgai guztietan ebaluazio ez-presentziala egiteko aukera bat proposatu beharko da.

Ikasleek behar besteko aurrerapenez (matrikula epea hasi aurretik, edonola ere) ezagutu beharko dute ikasturtearen eta irakasgaien antolakuntza orokorra. Tutoretzak urrutitik egin ahal izango dira. Aparteko egoera pertsonalen (hala nola, gaixo edo ospitalean daudenak) eraginez ikasketak modu presentzialean jarraitu ezin dituzten ikasleei dagokienez, beharrezko egokitzapen akademikoak eta pedagogikoak egin beharko dira.

Irakaskuntza presentzialtasun egokitutako eredura egokitzeak, beharrezkoa denean, baliabide berriak eskatuko ditu: kamerak, mikrofonoak, bozgorailuak, informatikako ekipo berriak, irakasleen formakuntza indartzea, laguntza itzulgarriak ikasleentzat, ordenagailuak mailegatzeko zerbitzua eta Internetera konektatzeko laguntza zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat.

Aurreikuspen horiek Irakaskuntza Egokitzeko Planean jasoko dira. Plan hori ikastegi bakoitzak prestatuko du, bere berezitasunak kontuan hartuta, eta ikastegiaren webgunean argitaratuko da.

Nekane Balluerka errektorearen ustez, gaur Gobernu Kontseiluak onartutako orientabideak 2020-2021 ikasturtean irakaskuntza garatzeko oinarrizko tresna izango dira. “Bi dira proposamen honen oinarriak –adierazi du-: presentzialtasuna nagusi izango den irakaskuntza bermatzea eta uneoro lehentasuna ematea osasun segurtasuneko neurriei. Kontuan hartu da plangintza malgua egin behar dugula ezin dugulako jakin zein izango den osasun egoera irailean, urrian edo abenduan; baina edozein egoeratan, positiboa edo negatiboa izan, erantzun egokia emateko beharrezko aurreikuspenak ezar ditzakegu. EHUko komunitate osoak ahalegin izugarria egin du, eta eskertu egin nahi dut, beste behin. Une honetan esan dezaket 2020-2021 ikasturtea ahalik eta baldintza akademiko eta sanitario onenetan garatuko dela”.