Itxi

Koronabirusa

Egoera jakin batzuetan COVID-19a airearen bidez zabaldu daitekeela onartu du MOEk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Erakundeak ohartarazi duenez, "ikerketa gehiago egin behar dira oraindik" transmisio-bide hori aztertzeko.Dena dela, oraingoz, gaitza zabaltzeko arrazoi nagusia kontaktu estua dela gaineratu du.

Langile bat, Italiako kaleak desinfektatzen. Argazkia: EFE

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) COVID-19ari buruzko informazioa aldatu du bere webgunen, eta egoera jakin batzuetan birusa airearen bidez zabaldu daitekeela onartu du, batez ere toki itxietan.

"COVID-19aren agerraldiak atzeman dira leku itxi batzuetan, hala nola, jatetxeetan, gaueko klubetan, otoitz egiteko lekuetan edo jendea oihuka, hitz egiten edo abesten ari zen lantokietan", eta "aire bidezko transmisioa ezin da baztertu", nabarmendu du MOEk bere webgunean zabaldutako ohar batean.

Era horretako kutsatzeak gaizki aireztatutako tokietan gerta daitezkeela gaineratu du MOEk, horietan koronabirusa duten pertsonek denboraldi luzea igaro ahal izan baitute beste batzuekin.

MOEk ohartarazi duenez, ordea, "ikerketa gehiago egin behar dira oraindik" transmisio-bide hori aztertu eta birusa airearen bidez zabaldu daitekeela ziurtatzek. Ildo horretatik, oraingoz, gaitza zabaltzeko arrazoi nagusia "eztul edo doministiku egitean kutsatutako pertsonek botatako tanta txikiekin kontaktuan egotea da", MOEren esanetan.

Kutsatze hori gerta liteke, halaber, tanta horiek gainazal jakin batzuetan (altzariak, ateetako heldulekuak, barandak...) geratzen badira, beste pertsona batzuk ukitzen badituzte eta horiek begiak, sudurra edo ahoa ukitzen badute.

Asteartean, 200 zientzialarik baino gehiagok transmisio-bide hori ikertzeko egindako deiari erantzunez, MOEko adituek egindako agerraldian ez zuten baztertu birusa airearen bidez zabaltzea egoera jakin batzuetan, baina oraindik ikerketen emaitzen zain zeudela nabarmendu zuten. Horrek, koronabirusa askoz kutsakorragoa egingo luke.

The New York Times egunkariak gutun ireki bat argitaratu zuen astelehenean, non 239 zientzialarik MOEri koronabirusaren aireko transmisioari buruzko "hipotesia seriotzat hartzeko" eskatu zioten, eta COVID-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun-distantziak mantentzea ez dela nahikoa azpimarratu zuten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (4)