Koronabirusa
Gipuzkoa eta Nafarroako hiru agerraldiek gorakada nabarmena eragin dute Hegoaldean
eitb.eus
Zehazki, Ordiziako agerraldiarekin lotuta 58 kasu atzeman dituzte. Tuteran, berriz, 23 pertsona kutsatu dira ezkontza batean, eta, Iruñean, bost kasu baieztatu dituzte.
COVID-19a atzemateko detekzio-probetan positibo eman duten kasuek gorakada nabarmena izan dute azken orduetan Hego Euskal Herrian, Gipuzkoan eta Nafarroan atzemandako hiru agerraldien ondorioz.
Zehazki, Ordiziako agerraldiarekin lotuta 58 kasu atzeman dituzte guztira. Tuteran, berriz, 23 pertsona kutsatu dira ezkontza batean, eta, Iruñean, bost kasu baieztatu dituzte senideen artean egindako topaketa baten ostean.
Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan gaur egun aktibo dauden hiru agerraldietan 86 pertsonak eman dute positibo. Horiek guztiak lagun eta/edo familia arteko topaketetan kutsatu dira.
Azken egunetan atzemandako agerraldiak direla eta, osasun arloko agintariek kasuak atzemateko eta positibo ematen duten pertsonei jarraipena egiteko neurriak indartu dituzte, koronabirusa kontrolpean hartzeko asmoz. Halaber, prebentzio-neurriak gogoan izateko eskatu diete herritarrei, eta, segurtasun-distantzia mantentzeaz gain, maskara gehiago erabiltzeko eta higienea areagotzeko deia egin dute.
Duela gutxi egindako ezkontza batek eragin du Tuterako agerraldia
Tuterako kasuan, gaitza atzemateko 34 PCR proba egin zaizkie duela gutxi ezkontza batera joan ziren herritarrei, eta horietatik 23k positibo eman dute, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak emandako datuen arabera. Gainera, ezkontzara joan ziren pertsona batzuk taberna batean izan ziren, eta, horregatik, haien gertuko kontaktuei ere PCR probak egiten ari zaizkie. Zehazki, Tuterako Reina Sofia Ospitalearen aurrean jarritako karpa batean egiten ari dira proba horiek. Horrez gain, Tuteran atzemandako kasuetako bat ospitaleratu egin behar izan dute.
Senideen arteko topaketa batek Iruñeko kasuak eragin ditu
Iruñean atzemandako agerraldiari dagokionez, senideen artean egindako topaketa batekin lotuta daude orain arte atzemandako bost kasuak, Osasun kontseilariak azaldu duenez. Halaber, duela egun batzuk Sunbillan (Nafarroa iparraldean) eta Iruñerrian atzeman zituzten agerraldiak kontrolpean daudela ziurtatu du Indurainek. Sunbillan 21 kasu atzeman zituzten, eta Iruñerrian, berriz, 14. Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, une honetan 17 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan COVID-19a dela eta, horietako bat zainketa intentsiboetako unitate batean.
Testuinguru horretan, Nafarroako bi agerraldi horiek "oraindik ikertzen" ari direla esan du Indurainek, eta, gaineratu duenez, horregatik ez dute baztertzen koronabirusarekin kutsatutako kopuruak gora egitea positibo eman duten kontaktu estuen artean (lagunak zein lankideak), edota ezkontza horretako gonbidatuak joan ziren tabernan ere. Hala, egoera kontrolpean hartzeko asmoz, "isolamenduaren hasieran eta amaieran beharrezkotzat jotzen diren proba guztiak" egingo dituztela azpimarratu du.
Horren harira, maskara "bai ala bai" erabiltzeko eskatu die herritarrei jende asko biltzen leku guztietan; "bai ireketan, bai itxietan ere". Horrez gain, segurtasun distantzia mantentzeko eta higienea areagotzeko eskatu die, eta establezimendu itxiak aireztatzeko beharra ere nabarmendu du, lokalen barruan gaitza zabaltzeko aukerak gutxitzeko.
Ildo horretatik, COVID-19arekin bateragarria den sintomaren bat izanez gero, osasun arloko profesionalekin kontaktuan jartzea eta isolatzea oso garrantzitsua dela gogorarazi du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, eta osasun-profesionalen jarraibideak jarraitzeko deia egin die herritarrei.
Ordizian 58 kasu atzeman dituzte guztira
Bestalde, Ordizian atzemandako koronabirus agerraldiarekin lotuta 58 kasu baieztatu dituzte jada, eta gaitza atzemateko detekzio-probetan positibo eman duten pertsona gehienak udalerri horretan bizi dira. Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldi horri buruzko datuak gaurkotu zituen atzo, osteguna, Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordea bildu ostean.
Zehazki, Osasun Saileko eta Segurtasun Saileko arduradunek eta Ordizia, Beasain, Lazkao, Idiazabal, Legarreta, Itsasondo eta Tolosa herrietako udal ordezkariek osatzen dute batzordea. Ostegunean bildu ziren berriro, egoera kontrolpean hartzeko asmoz. Murgak kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu zuenez, herrian jarritako karpetan 2.300 PCR proba egin dituzte astelehenaz geroztik, eta orain arte 2.200 proben emaitzak jaso dituzte, horietatik 35 positiboak.
Halaber, Osasun sailburuak adierazi du karpak gutxienez ostiralera arte mantenduko dituztela Ordizian. Bere esanetan, "oso modu baliagarria" da Etxezarreta kaleko tabernetan ibili diren ziren pertsonei PCR proba egiteko aukera emateko. Agerraldi horretako lehen positiboa Lleidatik etorritako pertsona batek eman zuen.
"Astelehenaz geroztik 35 positibo baieztatu dira, eta, beraz, agerraldi horrekin lotuta 58 kasu daude guztira, aurreko asteburuan zenbatutako pertsonak barne. Horietako batzuk duela zortzi egun atzeman ziren, eta dagoeneko beste herri edo hiri batzuetan egon daitezke", azaldu zuen sailburuak.
Hauek dira Ordizian atzemandako agerraldiari aurre egiteko asmoz ezarritako neurriak
Ordiziako edozein espazio publikotan maskara nahitaez erabili behar da, Eusko Jaurlaritzak aginduta, bai kalean, bai erabilera publikoko espazio itxietan ere, Gipuzkoako herri horretan atzemandako koronabirus agerraldiari aurre egiteko.
Testuinguru horretan, Osasun Sailak Ordizian eta eskualdean osasunerako eta botoa emateko eskubidea bermatzeko neurriak aurreikusi dituela egiaztatu du EAEko Hauteskunde Batzordeak.
Maskara erabiltzeko agindua Ordiziako udalerrira mugatzen da oraingoz, baina Osasun sailburuak ez du baztertu beste herri batzuetara zabaltzea, beharrezko iritziz gero.
Gainera, ostalaritzako establezimenduek ezingo dute edukieraren % 50 gainditu lokal barruan kontsumitzeko, ezingo da barran kontsumitu eta bezeroek eserita egon beharko dute. Terrazetan, pertsonen (etxebizitza berean bizi ez badira) eta mahaien artean gutxienez izan beharreko distantzia 1,5 metrokoa izango da.
Koronabirusaren ondorioz, azken orduetan ez da hildakorik izan EAEn; beraz, 1.621 heriotza izan dira guztira EAEn pandemiaren ondorioz. Horrez gain, 30 kasu berri baieztatu dituzte PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutakoak).