Koronabirusa
Idiazabalgo udalekuko monitore batek positibo eman du COVID-19aren proban
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udalekuan izan diren umeei eta begirale guztiei PCR testak egin dizkiete ostiral honetan eta etxetik atera gabe egon beharko dira emaitzak ezagutu arte.
Idiazabalgo udalekuak bertan behera utzi dituzte monitore bat koronabirusarekin gaixorik dagoela baieztatu ostean.
Udalak ohar batean azaldu duenez, udalekuan izan diren neska-mutikoei eta begirale guztiei PCR probak egin dizkiete ostiral honetan eta etxetik atera gabe egongo dira emaitzak ezagutu bitartean.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, monitore horrek ez zuen harreman zuzenik izan eta, beraz, kutsatze arriskua "baxua" da.
Udalekuko begirale guztiei astelehenean egin zizkieten PCR probak eta kasu guztietan negatibo eman zuten.
Ordizian bizi diren monitoreen kasuan, udalekuko jardueratan parte ez hartzeko eta beste analisi bat egiteko eskatu zien Udalak. Bigarren proba horretan begirale batek positibo eman zuen.
Idiazabalgo Udalak azpimarratu du udalekuko antolatzaileek nahiz parte-hartzaileek segurtasun protokoloa zorrotz bete zutela: talde txikiak egin zituzten, eremu ezberdinetan egon ziren eta maskara erabili zuten.
Udalak lasaitasunerako mezua bidali die kaltetutako familiei eta, oro har, herritarrei, eta gaur egindako proben emaitzak ezagutu ondoren erabaki gehiago hartuko dituztela esan du.