Auzitegi Nazionala
Ofizial ohi bat: "Goi-karguak hasieratik saiatu ziren jesuiten hilketa estaltzen"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luis Parada El Salvadorreko militar ohiak deklaratu du Ignacio Ellacuria eta beste lau jesuiten hilketagatik egiten ari diren epaiketan.
Luis Parada El Salvadorreko Inteligentziako ofizial ohiak esan du goi-mailako erakundeak hasieratik saiatu zirela Ignacio Ellacuria eta beste lau jesuiten hilketa estaltzen eta gogora ekarri du sarraskia burutu eta ordu gutxira irrati ofizial batek FMLN gerrillak hil zituela zabaldu zuela.
Paradak lekuko gisa deklaratu du egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan. Inocente Montano koronel ohia da akusatu bakarra auzi honetan. 150 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute harentzat.
"Lehendabiziko egunetik saiatu ziren goi-mailako erakundeak hilketak estali nahian eta horrek erakusten du goi-karguek agindu zutela sarraskia", esan du Paradak ardura Armadari egotzita.
Hilketak burutu baino egun bat lehenago Armadak ahalmen handiko armak erabilita erasoaldi bat egingo zuela esan zioten bilera batean, "eta horrek hildakoak egongo zirela esan nahi zuen".
Azaroaren 16an, jesuitak tiroz hil eta gero, Parada eta beste ofizial batzuk batzar batera deitu zituzten. Carlos Herrera Carranza operazioaren arduradunak zuzendariari ondokoa esan ziola kontatu du: "Atxilotzen ez uzteagatik hil zuten Ellacuria". Ondoren, hildakoak zortzi zirela jakinarazi zien.
Hilabeteak igarota, Rene Ponce Estatu Nagusiaren buruzagiak Inteligentziako arduradun bati aitortu zion hasieratik jakin zutela Armadak hil zituela jesuitak. "Horrek erakusten du noraino iritsi zen sarraskiaren estaltzea", erantsi du Paradak.