Itxi

Koronabirusa

Andoaingo haurrentzako ludoteka itxi dute COVID-19an positibo bat atzeman ondoren

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Zentroko erabiltzailea da, eta bost neska-mutili ari dira jarraipena egiten, baita harremanetan egon diren hiru hezitzaileri ere.

Andoaingo Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria sailak haurrentzako ludoteka ixtea erabaki du, zerbitzu horren erabiltzaile batek COVID-19an positibo bat eman  ostean. Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak joan den igandean jakinarazitako positiboetako bat da.

Udalak ohar batean azaldu du Osasun Saila bost umeren jarraipena egiten ari dela, baita positiboarekin harremanetan egon diren hiru hezitzailerena ere. Kontaktu bakoitzerako, kontaktuen sarea egin da, eta pixkanaka PCR testak egiten ari dira.

Udala "modu koordinatuan" jokatzen ari da, "eta ezarritako osasun jarraibide eta gomendioak jarraituko ditu". Gainera, herritarren "lasaitasunerako" deia egin du, "Osasun Publikoa eta Osakidetza kaltetutako pertsona guztiak artatzen ari direlako", baina higiene- eta urruntze-neurriak "inoiz baino gehiago" zorroztea eta maskara gehiago erabiltzea eskatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (4)